Foru arau aurreproiektuaren testu osoa Gipuzkoako Foru Ogasunaren webgunetik deskarga daiteke.
Aldaketak eta egokitzapenak bost zerga motatan egingo dira: Pertsona Fisikoen Errenta, Sozietateen Zerga, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Gainera, doikuntza batzuk sartzen ditu ere kooperatiben zerga araubidean, irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarrien zerga araubidean eta lehentasunezko zerga araubidean.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagokionez, aldaketa nagusiak salbuespenei dagozkie, besteak beste prestazio familiarrei dagozkienak. Horien kasuan, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen adingabea zaintzeko prestazioak salbuetsita geratzen dira. Bi salbuespen berri ere sartzen dira: bata, banku fundazioek ikasteko edo ikertzeko ematen dituzten beketarako, eta bestea, adingabekoen kirol jarduerekin lotutako hainbat kargu edo lan egiteagatik jasotzen diren errendimenduetarako.
Langabeziarako prestazioa
Langabeziarako ordainketa bakarreko prestazioari dagokionez, aurrerantzean ez da beharrezkoa izango akzioari edo partaidetzari zein jarduera ekonomikoari bost urtean eustea, epe hori ezin bada bete jarduera ekonomikoa likidatu egin delako.
Jarduera ekonomikoen errendimenduei eragiten die honako aldaketa honek: autonomoek edo Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean ez dauden langileek prebisio sozialeko mutualitateei egindako ordainketengatik deduzitu daitekeen gastuaren muga handitu egiten da.
Beste aldaketek eragina dute epe luzerako aurrezki planek sortutako errentetan, herri administrazioen giza baliabideen plan estrategikoetan eta kapital higiezinaren zein higigarriaren etekinetan, besteak beste.
Sozietateen gaineko Zergaren esparruan, “abusuak” ekidin nahi dira, eta honako hau jasotzen du aurreproiektuak: "Ekonomia intereseko taldeen bidez— egitura fiskal jakin batzuen aplikazioan gertatzen diren gehiegikeriak saihestearren, muga bat jartzen da zerga oinarri negatiboak zein kuotako kenkariak egozteko, bazkideek ekonomia intereseko taldeei egindako ekarpenak —kontabilitateko irizpideak aplikatuta— ezaugarri bereziak dituzten ondare tresna gisa kalifikatu behar direnean. Zerga oinarri negatiboak eta kenkariak egozteko muga hori berdin aplikatuko zaie Gipuzkoako lurralde historikoko foru araudiaren pean ez dauden ekonomia intereseko taldeetako bazkideei ere, eta, hala, parekatu egingo da lurralde historiko honetako araudiaren peko zergadun guztiek jasotzen duten tratamendua". Gainera, aurrekoa osatzeko, errenta finantzario-fiskal hori bazkideei egozteko erregelak ezartzen dira.