Bidegi kasuaren inguruan aurkeztutako kereiletako batean akusazio gisa aurkezteko exijitutako 50.000 euroko bermea kentzea edo murriztea eskatu zuen Gidari elkarteak. Bada, uztailaren 26an Gipuzkoako Auzitegiak errekurtsoaren ebazpena argitaratu zuen, eta ezezkoa eman dio Gidariren eskaerari.
Aldundiak aurkeztutako bi kereila
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko azaroan eta 2015eko maiatzean aurkeztutako kereilekin bat egin zuen Gidari elkarteak; eta, eurak ere akusazio gisa aurkeztu ziren. AP1 autobideko obretan "ustez 30 milioi eurotik gorako desbideraketak" egon zirela salatu zuen Aldundiak; kereilak tramitera onartu zituen epaitegiak eta une honetan abian dira.
Epaileak 50.000 euroko bermea eskatu zion Gidariri bi prozedura horietako bakoitzean parte hartzeagatik –guztira 100.000 euro–. Bada, berme horiek kentzea edo murriztea da elkarteak eskatu zuena eta asteon emandako ebazpenak ezetsi duena. Ebazpena Gidarik aurkeztutako errekurtso batena da, ez biena.
"Gehiegizkoa" dela diote
Ebazpen honen aurrean, zera adierazi du Gidarik:
- Kontuan hartuta, batez ere, Gidari herritar talde batek osatutako elkartea dela, gehiegikeria bat iruditzen zaigu 100.000 euroko bermea exijitzea.
- Harrigarriena da prozesua hasita dagoela eta beraz, Gidarik ez diola prozesuari kostu gehigarririk ekarriko, eta beraz, fidantzak ez du zentzurik.
- Ezinezkoa da dirutza hori lortzea herritar talde batentzat.
- Gure helburu bakarra da guztion diruarekin gertatutakoa argitzea, eta fidantzen kontu hori oztopo handia eta larria da bide horretan.
- Gipuzkoako gizarteko hainbat eragilerekin batera sinatu genuen manifestuan adierazi bezala, herritarrek justizian parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu, are gehiago guztion diruaren erabilera argitzea dagoenean jokoan.