Udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute Laboral Kutxak eta Kutxabankek

Eneko Azkarate 2016ko uzt. 20a, 13:44
Iraitz Lazkano Elgetako alkatea lankidetza hitzarmena sinatzeko unean (atzean, Nerea Zubia Oñatiko zinegotzia).

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Azpeitian Uemak, eta Laboral Kutxak eta Kutxabankek, 38 herritan dauzkaten bulegoetan euskara bultzatzeko. Honenbestez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalerrietan, finantza erakunde horietako bulegoetako langileak elebidunak izango dira. Erdaraz egin nahi dutenen eskubideak beteko dituzte. Debagoienean, honako herri hauen daude Uema barruan: Bergara, Oñati, Antzuola, Elgeta eta Aramaio.

Azpeitian egin zuten atzo sinadura ekitaldia eta agerraldia. Uemako lehendakari Josu Labaka, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Laboral Kutxako Komunikazio eta Publizitate Departamentuko Zuzendari Marije Etxaniz, eta Kutxabankeko Txikikazko Negozioaren Zuzendari Nagusi Ondoko Eduardo Ruiz de Gordejuela aritu dira hizlari.

Debagoienetik, Beñardo Kortabarria, Lierni Altuna eta Iraitz Lazkano, Antzuola, Aramaio eta Elgetako alkateak, hurrenez hurren, eta Nerea Zubia Oñatiko zinegotzia izan ziren sinadura ekitaldian.

Uemako lehendakari Josu Labakak nabarmendu du, hitzarmenaren mamiak euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta erakusten duela. "Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzketen konpromisoak ageri dira bi finantza erakunde hauekin sinatzen dugun hitzarmenean. Zentzu horretan, jarrera eredugarria da", adierazi du Labakak.

Laboral Kutxako Marije Etxanizek udal guztiei eta bidelagunei eskerrak eman dizkie euskararen normalizazioan egiten ari diren lanagatik. "Euskarari dagokionean, lehiakorra ez den elkarlana sustatu behar dugu" nabarmendu du, eta zentzu horretan agerraldia "pozgarria" ez ezik "eredugarria" ere badela adierazi du. Atzo sinatutako konpromisoekin, "iniziatiba hartu eta erraztasunak eman nahi dizkiogu gero eta euskaldunagoa den gizarte honi".

Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuelak, "kalitatezko zerbitzua bezeroaren hizkuntza hautua errespetatzearekin estuki lotuta" dagoela nabarmendu du, eta hori bermatzeko Uemak egindako lana "eskertu, txalotu eta aitortu" nahi izan du.

Hitzarmenaren atarian hizkuntza politikari dagozkion oinarrizko kontuak nabarmendu dituzte alde guztiek. Batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula dela euskara eta, beraz, hau bultzatzeko neurriak hartzen dituztela, "euskara zabaldu eta sendotzeko asmoz", "bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian" aitortuz.

Horretarako, besteak beste, honakoak hitzartu dituzte Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek, eta 30 udalerri euskaldunetako alkateek, atzo Azpeitian egindako agerraldian:
Elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira. Horretarako, beharrezko diren baliabideak jarriko dituzte.

Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak, beraien aldetik udalerri euskaldunetako beraien bulegoetan bezeroekin dituzten harremanetan euskararen presentzia bermatuko dute.

Helburu hori betetzeko, besteak beste, honako neurri zehatz hauek hartuko dituzte:

  • Bulego hauetako langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izango direla ziurtatuko dute. Helburu honetara bideratuko dira, bereziki, etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak. Era berean, bulego hauetan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietarako kontratatzen diren langile berriak, finko zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
  • Bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz egingo zaio.
  • Bezeroari posta elektronikoz bidalitako informazioa euskaraz edo elebietan bidaliko zaio. Elebietan bidaliz gero, euskarak lehentasuna izango du.
  • Produktu berri bat kontratatzera datorren bezeroari eskaintza euskaraz egingo zaio. Eta Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak eragiketen euskarri diren dokumentuak euskara hutsean eskainiko dituzte, edo elebietan horrela eskatuz gero.
  • Bezeroentzako zordunketa eta kreditu txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak, euskaraz sortuko dira, kontrakoa eskatzen dutenei izan ezik.
  • Urtean zehar ematen diren zerbitzu bereziak –errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako– euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira langileen zein herritarren eskura.
  • Finantza Erakundeek, kanpainen bidez, haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko deia egingo diete bezeroei. Horretarako, urtero sustapen lana egingo dute.
  • Kutxazainen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu sorta euskaraz izango da.
  • Udalerri hauetako kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Bulegoek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkari, jai egitarau, eta antzekoetan) euskaraz jarriko da, betiere euskararen kalitatea zainduz. Esku orriak elebitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.
  • Bulegoetan bertan idatzitako dokumentuak euskaraz egongo dira bezeroak berariaz kontrakoa ez badio.
  • Laboral Kutxa eta Kutxabank, hitzarmen honen epe amaiera iristerako, UEMAko udalerrietan, 30 urtetatik beherako bezeroei komunikazioak euskara hutsean bidaltzen hasiko dira, eta kontrakoa adierazten dutenei elebietan, euskarari lehentasuna emanez, orain arte bezala. Prozedura hau txertatu egingo da bezero berriak hartzeko protokoloan.

Goian, Nerea Zubia Oñatiko zinegotzia; behean, Lierni Altuna Aramaioko alkatea.

Hitzarmena bost urterako sinatu dute, eta epe hori beste bost urtez luzatuko da, aldeetakoren batek hitzarmena bertan behera uzteko borondatea azaltzen ez badute.

Hitzarmena eraginkorra izan dadin, berriz, Jarraipen Batzordea sortuko dute sinatzaileek, zehaztutako helburuak lortu eta emaitzak aztertzeko.

Honakoak dira, zehazki, hitzarmena sinatu duten udalerri euskaldunak:

  • Laboral Kutxarekin eta Uemarekin: 3. Bera, Etxarri-Aranatz, Leitza.
  • Kutxabank-ekin eta Uemarekin: 17. Otxandio, Atxondo, Aulesti, Berriatua, Busturia, Dima, Ea, Alegia, Anoeta, Elgeta, Legorreta, Segura, Zaldibia, Zestoa, Amezketa, Berastegi eta Lizartza.
  • Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, eta Uemarekin: 18. Aramaio, Lekeitio, Ondarroa, Markin-Xemein, Bermeo, Bergara, Azpeitia, Antzuola, Deba, Getaria, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Orio, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Tolosa.
  • Guztira: Uemako 38 udalerri.

Udalerri horietako gehienetako alkateak izan ziren agerraldian. Besteak beste, Beñardo Kortabarria (Antzuola), Lierni Altuna (Aramaio), David Cobos (Atxondo), Mikel Ansotegi (Aulesti), Amaia Azkue (Berastegi), Idurre Bideguren (Bermeo), Jon Arriola (Berriatua), Pedro Bengoetxea (Deba), Iraitz Lazkano (Elgeta), Nika Lertxundi (Getaria), Zelai Amenabarro (Legorreta), Mikel Zabaleta (Leitza), Koldo Goitia (Lekeitio), Jexux Leonet (Oiartzun), Zunbeltz Bedialauneta (Ondarroa), Jose Angel Zaldua (Orio), Eñaut Telleria (Segura), Olatz Peon (Tolosa), Josetxo Mendizabal (Zestoa) eta Oier Korta (Zumaia).

Etxarri-Aranatz, Oñati, Zarautz, eta beste udal batzuetatik, alkatearen zinegotzi ordezkariak bertaratu ziren atzoko ekitaldira. Agenda kontuengatik, berriz, udal apur batzuk ezin izan zuten ekitaldian egon, baina hurrengo egunotan sinatuko dute hitzarmena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak