Euskadiren ekonomia %2,8 hazi zen iaz, eta %2,6 haziko da aurten, Laboral Kutxaren esanetan

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 18a, 15:02
Laboral Kutxako Joseba Madariaga eta Xabier Egibar.

Euskadiko Barne Produktu Gordina (BPG) %2,8 hazi zen iaz, eta enplegua, %1,3. Aurtengo bukaerarako, BPG %2,6 haziko dela esan du Laboral Kutxak.

Laboral Kutxaren Ikerketa Zerbitzuak prestatu duen 2015eko Euskal Ekonomia Txostena eta aurtengo aurreikuspenak aurkeztu dituzte gaur, astelehena, kreditu kooperatibako Ikerketa Departamentukok zuzendari Joseba Madariagak eta Negozio Garapenerako zuzendari Xabier Egibarrek.

2015eko datuei dagokienez, azaldu dute EAEko BPGren hazkunde-tasa Nafarroarena (%2,9) eta Espainiarena (%3,2) baino pixka bat txikiagoa izan dela.

Susperraldiak "indartsu jarraituko du"

Lan-merkatuaren bilakaerak "inflexio-puntua” izan zuen iaz esandako hiru eremuotan: EAEn, %1,3 hazi zen; Nafarroan, %0,7; eta Espainian, %3.

Langabezia-tasa %14,8koa izan zen Euskadin; Nafarroan, %13,8koa, eta Espainian, %22,1ekoa. Ondorioa honakoa da, Laboral Kutxaren esanetan: “langabezia-tasak murrizten hasi” direla “pixkanaka”, baina oraindik “urruti” daudela “onartzeko moduko balioetatik”.

Ondorio positiboen artean azpimarratu dute ere azken urteotan lehenengo aldiz sektore guztiek emaitza positiboak izan zituztela iaz, eraikuntzak izan ezik; sektore hori ez zen bat ere hazi.

“2013an hasitako susperraldia indartu egin da 2015ean, eta aurten ere indartsu jarraituko du”, Laboral Kutxako arduradunen esanetan. Susperraldi horren eragileak era askotakoak izan direla esan dute Madariagak eta Egibarrek: batzuk egiturazkoak (ekonomiaren lehiakortasuna hobetu izana barne-debaluazioari esker eta Euroguneko finantza-fragmentazioa zuzendu izana) eta beste batzuk, aldiz, behin-behinekoak (finantza-politika hedakorra eta lehengaiak eta petrolioak prezio txikiagoa izatea).

Brexita da zalantza handiena

Hori guztia “nazioarteko zalantzazko ingurune baten” gertatu da, AEBetako Erreserba Federalaren jokaera, Txinako ekonomiaren desazelerazioa eta Europako arazo politikoekin lotutako “ziurgabetasuna” dela-eta.

Kontrako faktore horiek egonagatik ere, hazkunde-faseak jarraitu egingo du 2016an, Laboral Kutxaren arabera, hazkunde-tasa “apalagoekin” baldin bada ere.

Arriskuak mugez haragotik datozela ohartarazi dute, bereziki Brexitaren harira; erabaki horrek “ziurgabetasun handiko aroa irekiko du europar proiektuan”, adituen esanetan.

Dena dela, 2016an “arrazoizko” hazkunde-aurreikuspenak dituzte: %2,6 EAEn eta %2,7 Nafarroan, baina aurreikuspen horiek egiteko aintzat hartu dituzten datuak Brexitaren aurrekoak direla azaldu dute.

Bukatzeko, ohartarazi dute “arreta jartzeko moduko desorekak” daudela: langabezia-tasa eta ekonomiaren desapalankatze (zorpetze) prozesua, eta, epe ertainera, biztanleria zahartzearen ondorioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak