76 milioi euroko emaitza iazko emaitza baino 55 milioi hobea da (+%42). Ogasun diputatu Jabier Larrañagak begi onez hartu du datua, “agertoki ekonomikoaren indartzearen ondorio” delako, bere esanetan: “Hobekuntza, batez ere, 2015ean bai enpleguetan zein soldatetan izandako hazkundeek eragin dute”, adierazi du.
Larrañaga Donostian agertu da 2015eko Errentaren kanpainaren emaitzak aurkezteko, Ogasuneko zuzendari nagusi Jokin Perona eta Zerga Kudeaketako zuzendariorde nagusi Yolanda Dominguezekin batera. Foru arduradunek 372.698 aitorpen aurkeztu direla zehaztu dute, pasa den urtean baino 593 gutxiago, azken urteetako beheranzko joerari jarraipena emanez. Bergarako bulegoan 35.234 aitorpen tramitatu dira aurten.
Autolikidazio proposamenetatik %87 onartu dira
Foru diputatuak gogoratu du ekonomia sustapenak Foru Aldundiaren apustua izaten jarraitzen duela: “Lurraldeko ekonomia suspertu nahi dugu, aberastasun sortzaile baita, kalitatezko enplegu sortzaile. Hemendik lortu dituzte erakunde publikoek hain beharrezko dituzten baliabideak, gero ahalik eta gizarte ezberdintasun txikieneko gizartearen eraikuntzan eragiteko”, defendatu du.
Peronak, bere aldetik, zehaztu du 217.744 aitorpen onartu direla, zergadunei bidalitakoen %87. Modalitate hau jada aitorpen guztien %60ra gerturatzen da, eta urtetik urtera goraka egiten ari da. Aitorpen mekanizatuak, bere aldetik, 70.447 izan dira, eta Internet bidez aurkeztu direnak, 84.507. Azken hauetatik 65.164 aholkulariek aurkeztu dituzte, eta 19.343, norbanakoek.
Emaitzaren arabera, foru zuzendariak azaldu du 269.421 aitorpen itzultzera izan direla (pasa den urtean baina 9.044 gutxiago) eta 103.277 ordaintzera (2014ean baino 8.451 gehiago). “Itzultzeko aitorpenak guztiaren %72,3 dira, eta batez beste 1.034 euro itzuli zaizkio zergadun bakoitzari”, xehatu du Peronak. Ordaintzeko likidazioak, bestalde, %27,7 dira, aitorpeneko 1.962 euroko batez beste.
Aberastasunaren zergarekin, 64,3 milioi
Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, Foru Ogasunaren diru-bilketa 64,3 milioi eurokoa izan da, pasa den urtean baino 5 milioi gehiago. Zerga honen araudia pasa den urteko udazkenean aldatu zen, Larrañagak gogoratu duenez, ekonomia sustapenari “oztopoak kentzeko”, hori baita Foru Aldundiaren apustu estrategikoa legealdi honetarako. Berrikuntzen eraginez 7.432 aitorpen aurkeztu dira, 2014ean baino 623 gutxiago, baina zerga-bilketa hazi egin da.