Mondragon taldearen etorkizuneko erronkak definitzeko batzarra

Xabi Gorostidi 2016ko uzt. 18a, 10:06

Mondragon taldeko zuzendaritzatik datozen urteetan jarraitu beharreko ildo estrategikoak lantzeko kongresua presatzen ari dira. Donostiako Kursaal aretoan egingo da uztailaren 20an eta bi ponentzia nagusi izango ditu: Etorkizuneko Mondragon eta Politika Sozio Enpresariala 2017-2020.

Testuinguru sozioekonomikoa minuturo aldatzen ari den mundu honetan, enpresen erronkak handiak eta pisutsuak dira.
Mondragon taldearen kasuan, hauek garbi edukitzea eta langileek barneratzea estrategikoa da etorkizunerako. Horren garrantziaz jabetuta aurkezten da talde kooperatiboaren aurtengo kongresua. Donostiako Kursaal aretoan egingo da uztailaren 20an eta bi ponentzia nagusi izango ditu: Etorkizuneko Mondragon eta Politika Sozio Enpresariala 2017-2020.

Etorkizuneko Mondragon

Hurrengo urteetan korporazioak jarraitu beharreko ildo estrategikoak izango dira lehen ponentzian landuko diren gaiak. 2014ko azken kongresuan azaldutako kezka nagusiei erantzuna emateko, hiru bloketan jorratuko dira bertan.
Horietako lehena Balioen bizipena da eta iraganean egindako akatsetik ikasteko asmoa du. Autoexigentzia eta erantzukizun indibidual eta kolektiboaren kultura garatzearen beharra azpimarratzen dira puntu honetan. Elkarren arteko lankidetza areagotzea da hori lortzeko bideetako bat. Bide hori egiteko elkartasun erantzule kontzeptua barneratzea azaltzea barneratzea izan daiteke gakoa.
Antolamendu eredu berriak da bigarren blokea. Talde kooperatiboaren baitan dauden errealitate sozioenpresarial guztiei erantzutea eta garatzen laguntzea du helburu.
Hirugarren blokeak Elkarren arteko lankidetzako finantza fondoak eta tresnak izenburua du eta bi fondo berri sortzea planteatzen du: Kohesio eta Garapen Fondoa (KGF) eta Hedapen Fondo Kooperatiboa (HFK). Azken hau Mondragon Taldeko dibisio bakoitzean ezartzea proposatzen dute. Start up jarduerak finantzatzeko eta finkapen eta hazkunde proiektuetarako erabiliko litzateke. Era horretan, kooperatiben lehiakortasuna areagotu eta hauen proiektu berritzaileak indartzea da lortu nahi dena.

2020ra begira

Kongresuko bigarren ponentzian, 2020ra bitarteko politika sozioekonomikoak landuko dira. Zentzu horretan enpresek eta langileek erronka berrietara moldatzeko daukaten gaitasuna izango da klabe nagusia.
Horretaz gain, enpresa bakoitzak bere merkatu posizionamendua hobetzeko estrategiak definitu beharko dira, eta enpresen bateratzeak asko lagundu dezake horretan.
Erronka horri aurre egiteko bost estrategia finkatu dituzte Mondragoneko zuzendaritzatik: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, enpresa berrikuntza eta sustapena, elkarren arteko lankidetza eta presentzia globala.
Kongresura eta etorkizunera begira baikor agertu da Javier Sotil: "Onena etortzear dago. Kapaz bagara merkatuak ulertzeko, tendentzia nagusiak nondik etorriko diren ikusteko, berrikuntzarako gaitasunak indartzeko eta elkarren artean lan egiteko, partidua irabazita daukagu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak