Euskadi Irratiaren Faktoria saioan egindako elkarrizketan egin ditu Olanok adierazpen horiek.
Azpimarratu du lehen urte honek balio izan duela Gipuzkoarentzat iragarritako azpiegitura nagusien oinarriak finkatzeko, eta datozen asteetan egingo direla oraindik egiteko dauden esleitze prozesuak, hortik aurrera lanetan murgiltzeko.
"Babes nahikoa" erraustegia egiteko
Zubietako erraustegiaren harira, Olanok defenditu du hori dela “Gipuzkoako hondakinen arazoa bideratzeko konponbiderik onena”. Adibidetzat jarri ditu Europako herrialde aurreratuenek sistema honen alde egindako apustuak. Agindu du erraustegia kontrol sistema moderno eta aurreratuenekin, eta berme guztiekin eraikiko dela. Gai honen balizko galdeketa baten aurrean, adierazi du “arazoa pil-pilean, kalean” zegoela iritsi zirela foru hauteskundeak, alderdi bakoitzak “bere konponbide proposamena” eraman zuela programan eta hauteskundeetan lortutako emaitzek “babes nahikoa” ematen dutela erraustegia egiteko.
Antzuola-Deskargako obrekin, 'Gipuzkoako biribilgunea' osatuko da
Azpiegituren arloan, gogoratu du Gipuzkoan orain arte errepide sare moderno eta orekatu baten aldeko apustua egin dela, eta, Antzuola –Deskarga arteko obrarekin, “bukatutzat” emango direla “Gipuzkoako biribilgunea osatzeko lanak”. Hortik aurrera, garraio publikoaren aldeko apustua egitea dagokio Foru Aldundiari, haren esanetan: “Hor oraindik badago zer egin”.
N-1eko ordainsarien sistemaren egokitasuna ere defenditu du elkarrizketan, esanez “zeuden aukeretan, onenaren alde” egin dutela apustu. Gipuzkoa pasoko lurralde dela, Europatik datozen garraiolariek errepideen mantenuan kostuak eragiten dituztela eta horren finantzazioan lagundu dezaten eskatzea bidezko jo du. Gogorarazi du Europako legediak ez duela onartzen kamioilari batzuen eta besteen arteko bereizketarik egitea, eta horregatik erabaki dela “bertako garraiolariak gutxien zigortuko dituen ordainsari sistemaren alde egitea”. Sektoreari nola lagundu aztertuko dutela ere iragarri du Olanok.
Enpresekiko harreman estuagoak
Ekonomiari dagokionean, balorazio positiboa egin du, esanez Gipuzkoako ekonomia suspertzen hasita dagoela. Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko urtero 50 milioi eurorekin martxan jarritako planak ere bide horretan lagunduko duela esan du. Baina batez ere enpresekin dituzten harremanetan jarri du arreta; lehen urte honetan harremanak estutu dituztela eta horrek lanerako eredu berria dakarrela azpimarratu du. “Enpresa txikiek lehiakortasunean, berrikuntzan eta nazioartekotzean dituzte erronka handienak. Foru Aldundiak lan horietan lagundu behar die, eta horretan ari gara”, amaitu du.