Ekonomiarekiko konfiantzak gora egin du Europako Batasunean

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 13a, 08:00

Europako Batasunean ekonomiarekiko konfiantzaren bilakaeraren grafikoa.

Europako Batzordeak hilean behin argitaratzen duen ekonomia sentimenduaren adierazleak joera positibo txiki bat erakusten du Europako Batasuneko bost herrialde garatuenetan. Emaitza horiek Brexit-aren aurreko datuetan oinarritzen dira.

Ekonomia Sentimenduaren Adierazlea 1990a ezkero lantzen du Europako Batzordeko Ekonomia eta Finantza Gaietako Zuzendaritza Orokorrak. Ekonomiarekiko konfiantza adierazleak hartzen ditu kontuan, honako pisuarekin: industriarenak (%40), zerbitzuak (%30), kontsumitzaileak (%20), eraikuntza (%5) eta komertzioa (%5). 100 balioak beti adierazten du epe luzean konfiantzaren batez bestekoa. Horregatik, 100 azpiko balioek konfiantza falta adierazten dute, maila historikoarekiko.

Frantzian, nahiko bat

Azken hilabeteotan, adierazleak pixka bat gora egin du, urte hasierako finantza zurrunbiloaren okertzearen ondoren; hori da Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egiten duen irakurketa. Adierazle horrek hiru urte daramatza hedapen ekonomikoa islatzen duen eremuan, hau da, 100 punturen gainetik.

Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Espainia banan-banan aztertzen dira. Alemanian, beherako joera zegoen aurtengo lehenengo hilabeteetan, baina buelta eman dio eta azken urteetako erregistro altuenetara hurbildu da.

Frantziako egoera ez da hain ona, eta oso gutxigatik gainditzen du 100 puntuko langa. Eraikuntzak eta zerbitzuek lastatzen dute Frantziako ekonomia.

Erresuma Batuan, Italian eta Espainian, hobeto

Erresuma Batuko datuak Brexit-aren aurrekoak dira. Horien arabera, azken bi hilabeteotan konfiantza sentimendua suspertzen ari zen. Datorren hilabetean ikusiko da erreferendumaren emaitzek ze eragin izan duten; Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren iritziz, emaitzak “kalte egin diezaioke” adierazleari. Erresuma Batuko ahulguneak dira zerbitzuak eta txikizkako merkataritza.

Italiak susperraldi bizia erakusten du, 2012an zituen 80 puntuetatik gaur egungo 104,8etara. Hala ere, egonkortasun eza erakusten du bilakaerak. Italiako sektore bizienak zerbitzuak eta txikizkako merkataritza dira, eta ahulenak, industria eta eraikuntza.

Espainiako sentimenduaren bilakaera Italiarenaren oso antzekoa da, baina gorabehera hain nabarmenik gabe. 2016 hasieratik apaltzeko joera leuna erakusten du, baina ekainean gorantz egin du berriz, 106,5eko balioa joaz, Alemaniako eta Erresuma Batuko datuetatik hurbil. Adierazlearen puntu ahul bakarra eraikuntza da, batez besteko historikotik oso azpitik dagoelako. Txikizkako merkataritzak lortu dituen datu onak nabarmentzen dira, ordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak