Familia-etxeko batez besteko gastua, 2015ean, 33.318 euro, aurreko urtean baino %4,7 handiagoa da; krisiaren aurreko urteko 2006koaren aldean, %0,6 handiagoa da, Eustaten datuen arabera. Gastu hau estatuko batez bestekoaren %21,5 gainetik dago.
Etxebizitzaren, uraren, elektrizitatearen eta beste erregaien batez besteko gastua, 2006koaren aldean, %26,4 handiagoa da. Garrantzian bigarrena, Elikagai eta edari ez-alkoholdunena, %3,5 gehitu da 2014koaren aldean; %1,2 gutxitu da 2006koaren aldean. Hotel, kafetegi eta jatetxeetan, %6,3ko gehikuntza dago aurreko urtearen aldean, eta %1,8ko jaitsiera 2006koaren aldean. Garraioetan, jaitsiera handia (%-24,4) 2006koarekiko; baina hazkundea izan du (+%5,3) 2014koaren aldean.
Krisiaren aurreko garaiarekin konparaketa ere egiten du Eustatek. Horren arabera, atal batzuetako gastua nabarmen murriztu dute familiek. Hori da honako atal hauen kasua: Jantziak eta oinetakoak (%-21,5); Altzariak eta etxeko ekipamendua (%-22,1), Aisia, ikuskizunak eta kultura (%-20,0). Baina beste batzuetan gastua handitu egin da: Edari alkoholikoak eta tabakoa (%10,9), Osasuna (%13,0), Irakaskuntza (%31,5).
Estatuan pertsonako gastu handiena duen erkidegoa
Gastu-egitura, 2015ean euskal etxeetan honakoa zen: Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gas eta beste erregaiak, etxeko batez besteko gastuaren %34,8 izan dira; Elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak, %13,8; Hotel, kafetegi eta jatetxeak, %10,4. Ondoren Garraioak (%9,9), Beste ondasun eta zerbitzuak (%7,3), Jantziak eta oinetakoak (%4,9).
Pertsonako batez besteko gastua 13.997 euro da urteko; %5,1 gehitu da, euro korronteetan, 2014koaren aldean. Estatuaren aldean %27,7 gehiago da, handiena duen erkidegoa; ondoren Madril (12.678) eta Nafarroa (12.656).
2015eko kontsumo gastu osoa %5,2 handitu da 2014koaren aldean; gastu-taldeetan, denetarik dago. Gastu-talde nagusiak, Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gas eta beste erregaiak (%4,4) eta Elikagaiak eta edari ez-alkoholikoak (%4,0) gehitu dira. Hotel, kafetegi eta jatetxeetan, %6,9 gehitu da gastua. Gastu mota guztietan dago gehikuntza aurreko urtearen aldean; nabarmentzekoa Osasuna (%17,3).
Etxeko batez besteko gastua hileko diru-sarreren arabera aztertuz gero, alde handiak daude. 2015ean, hilean 1.000 eurotik beherako diru-sarreradun etxeetan, batez besteko urteko gastua 17.151 eurokoa izan zen iaz; hilean 3.000 edo gehiago jasoz gero, 51.390 eurokoa.
Herrietan, hirietan baino gastu handiagoa
2014koaren aldean, etxeko batez besteko gastua gutxitu egin zen diru-sarrerak 1.000tik behera zituzten etxeetan, -%1,4. Gainerakoetan, batez besteko gastua zertxobait gehitu zen; 2.999tik gorakoetan gehikuntza %5,0koa izan zen.
Gasturik handiena 10.000 biztanletik beherako udalerrietan egiten da, familiako 34.422 euro, EAEko batez bestekoa baino %3,3 gehiago. Familiako batez besteko gasturik txikiena (32.447 €),100.000 biztanledun eta hortik gorako udalerrietan izan zen.
2015ean, EAEko gastuaren %14,2 arabarrek egin zuten; bizkaitarrek %53,2; gipuzkoarrek %32,6.