Isabel Saludek eta Victoriano Gallastegik uste dute oraingoan eratuko dela gobernua Espainian

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 8a, 13:42
Victoriano Gallastegi eta Isabel Salud.

Aztarna guztien arabera, ekainaren 26ko hauteskundeen ondoren, gobernua osatuko da Madrilen eta legealdi berria hasiko da. Datozen lau urteotan Espainiako Gorteetan izango dira bi debagoiendar: Isabel Salud (Ezker Anitza-Unidos Podemos) kongresuko diputatu izango da, eta Victoriano Gallastegi (EAJ), senatari.

Saludendako esperientzia berria izango da; Gallastegik abenduko hauteskundeetan lortu zuen senatari txartela, baina bilkura gutxi batzuk besterik ez ziren egin.

Kongresuaren eratze bilkura uztailaren 19an izango da, eta hor dira presidentea aukeratzekoak.
Salud joan den astelehenean izan zen Madrilen diputatu akta jasotzera; Gallastegik etxean jasoko du, eta datorren astean da Madrilera joatekoa, bere burua inskribatzeko.

Bi debagoiendarrek uste dute oraingoan baietz, osatuko dela gobernua. Saludek bere kiniela egiten du: "Oraindik gauza asko gerta daitezke, negoziatzen ari direlako; baina, nire iritziz, PPk gutxiengoan gobernatuko du". Gallastegik nahiago du iragarpenik ez egitea, baina "duda barik, gobernua egongo" dela eta "bere bidea jarraituko" duela dio.

PPren legeak atzera botatzera

Ezker Anitzeko ordezkariak bere koalizioaren emaitzak "dezepzioa" izan zirela onartu arren, konparaketa aurreko legealdiarekin egiten du bere alderdiak: "Orduan, PPk gehiengo absolutua zuen, eta orain, berriz, ez; gainera, Euskadiko emaitzak ezin hobeak izan dira, eta kongresuan PSOEtik ezkerrerako inoizko diputatu kopuru handiena dugu; 20-23 artean izaten ziren garai baten".

Helburua, datorren legealdian, alderdi popularraren "lege gogorrak bertan behera uzten saiatzea" da Unidos Podemosendako: "Kanpainan alderdiak konprometitu ziren PPren lege batzuk –Lomce, mozal legea, abortuaren legea, lan erreforma…– atzera botatzera, eta konpromiso horri dei egingo diogu".

Pertsonalki, Isabel Saludek espero du "Euskadiren beharrak, ekimenak, arazoak… Kongresura eroatea". Honako hau esaten du: "Nik bakarrik ez, Euskadiko sei diputatuok batera lan egingo dugu eta Euskadiren interesen defentsan jardungo dugu". Horretarako baliatuko du "erakunde publikoen funtzionamenduen ezagutza"; orain arte zinegotzi izan da eta "diputatu izatearen oso desberdina" den arren, erakundeen lan egiteko moduan badauka esperientzia.

Kontzertua babesteko gertu

Victoriano Gallastegi ere "lan egiten hasteko desiatzen" dago, bere hitzetan: "Denbora asko galdu dugu dagoeneko; batzordeak sortu behar izaten dira Senatuan lan egiteko, baina gobernurik ez zegoenez, ez ziren sortu". Gallastegik ez daki oraindik ze batzordetan egotea egokituko zaion, baina argi dauka zein izango den bere ekarpena: "Gure gaiak, Euskadiri dagozkionak, Senatuan defendatuko ditut nire taldearekin batera: autogobernua, kontzertu ekonomikoa eta, aurrekontuak egiten direnean, gure eskaerak eta aldarrikapenak".

Azken hilabeteotan Euskadiren kontzertu ekonomikoak izan dituen erasoak errepikatuko ez diren konfiantza dauka: "Ez dut uste berriz gertatuko denik, baina hala eta guztiz ere gertu egongo gara gurea defendatzeko". Senatari lana "ilusioz" hasiko duela ere esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak