Smithsonian Folklive jaialdian Debagoieneko sortzaileak euren lanak erakusten ari dira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko uzt. 9a, 10:00

Edu Muruamendiaraz eta Jesus Mari Lazkano Smithsonian Folklive jaialdian

Smithsonian Folklife jaialdia ari dira ospatzen egunotan Washingtonen. 1967an sortutako jaialdiak munduko kultura bat gonbidatzen du urtero, eta aurtengo edizioan Euskal Herria da protagonista. Hamar egunez -ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean-, Ameriketako Estatu Batuetako hiriburua euskal kulturaren, gastronomiaren, historiaren eta jarduera ekonomikoen erakusleiho bihurtu dute.

Euskal Herriko askotariko txokoetako eta profiletako ordezkariak daude jaialdian parte hartzen, eta horien artean debagoiendarrak ere bai: Bergarako Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa eta Jesus Mari Lazkano margolaria.

Euskal dantzekin txundituta

Uztailaren 11n itzuliko da etxera Aukeran dantza taldeko Muruamendiaraz. Hitzaldiak, dantza saioak eta tailerrak egiten ari dira jaialdian, eta baita bestelako ekitaldietan parte hartzen ere. "Harrituta gaude zenbat jende hurbildu zaigun euskal dantzen inguruan galdezka. Dantza tailerretan hainbat dantza erraz erakusten saiatu gara. Aukeran dantza taldearen emanaldiek ere erantzun ikaragarria izan dute. Bestelako saio bereziak ere egin ditugu: jaialdiaren hasierako ekitaldian Kepa Junkerarekin batera; Kongresuko liburutegian Ohorezko Agurra; Kennedy Centerren Klaperttarrak taldearekin ordubeteko saioa... Bereziki gogoan dudan unea Kapitolio atzean dantzatu genuen Ohorezko Agurra da; Gernikako Arbolaren kimu txiki bat landatu zuten ekitaldian izan zen. Ondoren, Jesus Mari Lazkano herrikideak eta biok lurra bota genion landatutako zuhaitzari elkarrekin", dio dantzariak.

Arrasatear bat, itzultzaile

Orain dela sei urte AEBetan bizi den Unai Nafarrate arrasatearra aurkezle eta itzultzaile lanetan ari da jaialdian. Esperientzia paregabea bizitzen ari dela dio. "Askotariko taldeen ekitaldiak aurkeztu ditut, baina, batez ere, Iturengo Joaldunekin izan naiz. Jende mordo bat ezagutzen ari naiz eta egunero asko ikasten ere bai. Jaialdira hurbiltzen ari  diren amerikarrek interes handia erakusten dute gure kulturarekiko, eta orokorrean, gure herrialdearekiko. Euskal Herriaren berri izatea gauza berria da askorentzako. Bi herrialdeen arteko zubia eraikitzea oso lan polita dela uste dut", kontatu du Arrasatekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak