Elkartasun trekkinga egingo dute udazkenean Nepalera

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko uzt. 8a, 11:13

Felipe Uriarte gidari dela, hiru asteko trekkinga antolatu dute. Hango herritarrei eramateko arropak, oinetakoak eta botikak batzen dabiltza Oñatin.

Nepaleko lurrikarak han eragindako kalteak konpontzen laguntzeko sortu zen duela urtebete pasa Oñatiko Nepal Lagunduz elkartea. Ekitaldi bat baino gehiago egin dituzte ordutik hona eta batutako diruarekin lurrikarak suntsitutako etxeak berreraikitzeko bi proiektu jarri dituzte martxan. Udazkenerako elkartasun trekkinga antolatu dute eta bidaia horretan eramango dituzten produktuak batzen ari dira orain.

Arropak, oinetakoak eta botikak eraman gura dituzte, batik bat, Nepalera eta hiru produktu horietara zehaztu dute bilketa. "Nagusiendako zein umeendako arropak ari gara jasotzen baina egia da umeei emango diegula lehentasuna. Horiendako jantziek, gainera, nagusienak baino toki txikiagoa hartzen dute motxilan, eta gehiagorendako eramateko aukera izango dugu horrela", dio elkarteko kide den Urko Egañak.

Umeendako

Lau aste dira kanpaina hasi zutela eta orain arteko erantzunarekin oso pozik daudela aitortu du Egañak. "Herritar askok ekarri dizkigu arropak eta oinetakoak. Turismo Bulegoan batzen ditugu eta handik Bidebarrieta kalean Hermansaloña elkarteak erabiltzen duen lokalera ekartzen ditugu, hemen sailkatzeko. Lan honetan asko lagundu digute, gainera, elkarte horretako kideek ere. Eurek badute esperientzia honetan eta eskertzekoa da izan dugun laguntza".

Txamarrak, jertseak, prakak, nikiak, galtzerdiak, lepoak babesteko zapiak... Asko kaxetan sartuta dituzte dagoeneko, umeendako edo nagusiendako adierazten duten hizkiekin bereizita. "Gero, ziur aski, beste sailkapen bat egin beharko dugu, motxiletan sartu aurretik. Gerta daiteke behar baino gehiago jasotzea ere, baina ez da arazorik izango, Nepalera eramaten ez ditugunak Argentinarako, Greziarako edo beste herrialde baterako izango dira-eta", dio Egañak.

Batutako jantzi eta oinetako gehienak herritarrenak dira. Botika batzuk ere eraman dituzte norbanakoek, baina horien bilketa enpresen bitartez ere egingo dute. Kanpainak indarrean jarraitzen du eta gura duenak Turismo Bulegora eraman ditzake Nepaleko biztanleendako aproposak izan daitezkeen jantziak, batez ere umeendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak