Produktu berritzaileak merkaturatzeko 700.000 euroko diru laguntzak emango ditu Aldundiak

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 5a, 14:19

Produktu berrien merkaturatzea bultzatzeko enpresei laguntzea du helburu gaur, martitzena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu duen programa berriak. 700.000 euro bideratuko ditu proiektu berritzaileak merkaturatzeko ekimenetara. 

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak diru laguntza hori emango du, komertzializazio aurreko prototipo fasean dauden teknologia eta egitasmoak “industriara bideratzeko moduko eta merkatuaren beharren araberako produktu eta zerbitzu” bihurtu daitezen.  

“Enpresek eta administrazioak ahalegin handia egiten dugu I+G+b sustatzeko, eta, garatutako proiektuen kopurua eta kalitatea behar bezalakoa bada ere, produktu berriak merkaturatzearen emaitzak ez dira beti esperotakoak”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Kontseiluaren ondoren egindako asteroko prentsaurrekoan. Martitzenean ezagutarazitako proiektuak egoera horri aurre egin nahi dio,  “laborategiko emaitzaren eta merkatuak espero duen produktuaren arteko tarteari –heriotzaren harana esaten zaion horri, hain justu”, argitu du Aizpuruk.

Diputatuak jakitera eman duenez, programa honek lagunduko ditu “merkaturatze aurreko fasean dauden produktuak, oraindik garatzeko edota egokitzeko beharra dutenak eta industriaratzeko proiektuak”, beti ere ahalik modurik onenean merkaturatzeko. Aipatutako egitasmoek honako baldintzetakoren bat bete beharko dute:

•          I+G+b jarduerak, produktu berria garatzen bukatzeko: industria diseinua, produktuaren ingeniaritza, prototipoa balioztatzea eta berriz diseinatzea…
•          I+G+b jarduerak, produktu berria industriaratzeko: industriaratze azterketa; ekoizpen bide berrien garapena; material, molde edo tresna berrien azterketa…
•          I+G+b jarduerak, produktu berria merkaturatzeko: patentagarritasuna, balioztatzea eta homologazioa, jabetza industriala eta patentea…

Diru-laguntza deialdi hori bat dator Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin nahiz berrikuntzako europar eremuko H2020rako programarekin.

Enplegu datuen balorazio ona

Ekonomiaren sustapenari lotura, Imanol Lasa foru bozeramaileak begi onez hartu ditu langabeziaren arloan atzo argitaratu ziren datuak. Lan Ministerioak eskainitako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 39.075 lagun daude langabezian. Horrek, maiatzeko datuekin alderatuz, 1.257 langabe gutxiago daudela esan nahi du. Hau da, aurreko hilabetearekin alderatuz, %3,12ko jaitsiera. “Guztira, aurreko urteko ekainean baino 4.075 langabe gutxiago daude. Hilabeteko jaitsiera hau sektore guztietan gertatu da, nekazaritzan eta sekulan enplegurik izan ez dutenengan barne. Gizarte Segurantzaren datuak ere hobetu dira. Egoera ekonomikoa hobera egiten ari den seinale”, zehaztu du.

Biztanleria aktiboaren azken inkestaren arabera, gaur egungo langabezia tasa %11,6koa da. Edonola ere, zuhurtzia eskatu du bozeramaileak. “Hilabeteko datuetatik harantzago, azpimarratu nahi nuke joera orokorra positiboa dela, langabezia datuak pixkanaka-pixkanaka hobera ari direlako egiten. Joera hori sendotzeko lanean jarraitu behar dugu, erlaxatu gabe eta autokonplazentzian erori gabe. Ekonomiaren susperraldia finkatzea da Foru Aldundiaren helburu nagusietako bat eta apustu horretan sakontzen jarraitzeko determinazioa dugu. Ikusten ari garen susperraldi hori pertsona guztiengana iritsi behar da, familia guztietara, kalitatezko enplegu baten bitarte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak