Txernobil Elkartearen eskutik, hamar ume etorri dira Debagoienean uda pasatzera

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 1a, 15:38
Suinagatarrak, Ukrainatik etorritako Sabrinarekin (8 urte).

Aurten, Txernobil inguruko 10 ume etorri dira Debagoienera (222 Euskadi osora) Txernobil Elkartearen eskutik. Herriz herri, honela daude banatuta: hiru ume Bergaran, bina Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta bat Arrasaten.

Ekainaren 24an ailegatu ziren eta abuztuaren 28ra arte izango dira Debagoienean. 7 urtetik 18 urte dituzten arte parte har dezakete hango umeek programa horretan, eta, ahal dela, beti familia berberarekin egoten dira. Elkartea neska-mutikoekin egoten da eta baita hemengo familiekin ere, bakoitzari ondoen dagokion umea eta familia elkartzeko.

Gero eta osasuntsuago

Urteak dituen etorrera programa horrek helburu nagusi bat du: osasuna. Hain zuzen, ume horiek bizi diren zonaldean Txernobilgo zentral nuklearraren ezbeharrak eragindako kutsadura handia dago oraindik, eta OMEk gomendatzen du ume horiek urtero gutxienez 40 egun jarraian eman ditzatela handik kanpo.

Yon Suinagaren familiak bigarren urtez hartzen du parte programa horretan. 8 urteko Sabrina izeneko neskatoa bizi da eurekin –Yon eta Josune bikotea eta Maitane eta Alazne alabak– Bergaran ekainaren 24a ezkero. Yonek honako hau dio: "Oso esperientzia positiboa izan genuen iaz, eta aurten errepikatzea erabaki genuen. Umeek oso ondo pasatzen dute, eta familiondako oso pozgarria da, oporrak bukatu ordurako, umeok osasuntsuago daudela ikustea". Izan ere, bere esanetan, "etortzen direnean, agerikoa da ahul samar daudela". Parte hartzen duten familiei gomendatzen diete –nahiz eta derrigorrezkoa ez den– umeak medikura eroatea. Suinaga familiak horixe egin du, eta Sabrinak aparteko osasun arazorik ez zuela egiaztatu zuten. Horrez gain, "hortz eta haginetako zainketa aldetik hutsuneak izaten dituzte eta komeni izaten da dentistarengana ere eramatea haurra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak