Mondragon hazi egin da enpleguan, salmentetan eta emaitzetan 2015ean

Leire Kortabarria 2016ko eka. 6a, 15:08
Javier Sotil, Mondragon Korporazioko presidentea.

Mondragon Korporazioak 2015eko ekitaldiaren oso balorazio positiboa egin du eta emaitzak jakinarazi ditu: adierazle gehienak hobetu egin dira 2014tik.

Enplegua %0,4 handitu zen iaz, guztira 74.335 pertsonarekin. Bereziki nabarmentzen dira industri kooperatibak, aurreko ekitaldian baino 1.258 enplegu gehiagorekin amaitu baitzuten urtea (780 barne merkatuan eta 478 atzerrian).

Guztira 1.800 bazkideri eman zaie irtenbidea, erretiro eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, batez ere, taldeko beste kooperatiba batzuetan bazkideak birkokatuz.

Salmentak %2,8 handitu ziren iaz; denetara, 11.368 milioiko salmentak lortu zituzten taldeko enpresa eta kooperatibek. Inbertsio zifra nabarmendu du Mondragonek: 316 milioi euro. Azken bosturtekoan, 1.578 milioi euro inbertitu dituzte korporazioko kideek. “Magnitude horiek kontuan hartuta, eta kontuan hartuta aurtengo lehen seihilekoaren portaera, non hazkunde maila apalarekin bada ere eboluzioa ikusten den, badirudi 2016an goranzko joera mantendu egingo dela, dibertsifikazio maila altuagatik eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiteagatik”, esan du Korporazioak.

Industria, sasoian

Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetan emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria Arloaren balantzea jakin da. Mondragoneko kooperatiba industrialek 32.925 langileko plantilla bat enplegatu zuten (aurreko urtean baino 1.258 gehiago), eta 2015aren amaieran fakturazio totala 5.095 milioi euro izan da (%7,4) , eta emaitzak 256,9 milioi euro (aurreko urtean baino %32,3 hobeto). Gainera, aurreko urtean 208 milioi euro inbertitu ziren industri kooperatibetan.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko industri arloaren %71 dira. Aurreko urtean ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Mexiko, AEB, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuan, eta, ondorioz, dagoeneko 128 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago).

Halaber, industriaren eremuan merkatu nazionala suspertzen ari dela egiaztatu da, izan ere, bigarren urtez jarraian salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%6,4), 1.485 milioira iristeraino.
Ezagutzaren Arloko datuei dagokienez, 2015ean 153 milioi euro inbertitu dira I+G-n, hau da, %8,6 balio erantsiarekiko, eta %3,0 guztizko salmentekiko. Arlo hori osatzen duten 15 entitateetan eta kooperatibetan I+G-n diharduten arloetan 1.774 pertsona egon dira enplegatuta. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 597 milioi eurora iritsi ziren, industri arloaren salmenta zifra osoaren %11,7.

Mondragonek indarrean dauzka 451 patente-familia, EAEko ia %25. Gainera, 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte kooperatibek Europako I+G-ko hainbat programatan.

Eroski eta Erkop-en, 37.800 langile

Banaketa Arloa da oraindik ere taldearen barruan enplegu gehien ematen duena, Eroski eta Erkop elkarketarekin. Guztira 37.800 pertsonak lan egiten dute arlo horretan, eta aurreko urtean 6.273 milioi euroko salmentak egin zituen, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago.

Azkenik, Finantzen Arloan, urtearen amaieran bilakaera positiboa zuen, bai kaudimen ratioetan bai likidezia eta berankortasunean. Arlo horrek 110,3 milioi euroren etekinak lortu zituen, aurreko urteko zifra baino pixka bat gutxixeago. Halaber, LagunAro, EPSVko ondare fondoa 5.798 milioira iritsi da 2015aren itxieran, aurreko urtean baino %4,2 gehiago.

Uztaileko Kongresura begira

Javier Sotil Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak positiboki baloratu 2015eko ekitaldia, eta zera adierazi du: “Korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dugu, eta bereziki Industria Arloan hazi gara, zeinak azken bi urteetan enplegua sortzearen inguruan oso joera positiboa mantentzen ari den, 2.100 lanpostu baino gehiagorekin, horietatik 1.368 gure ingurunean”.

2016ari begira, ekitaldiko lehen sei hilabeteen bilakaera kontuan hartuta, Javier Sotilek “urte honetarako hazkunde apal bat espero dugu, bai salmentetan bai enpleguan”.

Horrez gain, datorren uztailaren 20an 2016ko Kongresu Kooperatiboa egingo da Donostian, eta bertan, ohiko gaiez gain, bi ponentzia eztabaidatuko dira. Lehena Etorkizuneko Mondragon da, hiru atal handiren inguruan egituratuta: Balioen bizipena –arreta berezia jarriz autoexijentziari eta koerantzukizunari–; antolamendu eredua -10 proiektu traktoreren inguruan egokituta–, eta elkarren arteko lankidetza finantzariorako proposamen berri bat. Bigarren ponentziak, 2017/2020 Politika Sozioenpresariala izenekoak, Mondragonek hurrengo ziklo estrategikorako erronka enpresarial berria zehazten du, hau da, “negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik garatzea lortzea”, eta erronka horren zerbitzurako estrategiak zehazten ditu.

Javier Sotilek adierazi duenez, Kongresu hau “mugarri berria izango da Esperientzia Kooperatiboaren historian, eta etapa berri bat markatuko du Taldearentzat”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak