400 enpresa eta 730 lanpostu sortzen lagundu zuen iaz Gaztempresak

Leire Kortabarria 2016ko eka. 6a, 14:28
Angel Toña, Xabier Egibar eta Inma Ramos.

Laboral Kutxaren Gaztempresa ekimenak 402 enpresa sortzen lagundu zuen iaz, gaur, astelehena, arduradunek jakinarazi dutenaren arabera. Enpresa horiek 731 lanpostu berri sortu dituzte.

Laboral Kutxaren enplegurako Fundazioak 2015eko bere Memoria aurkeztu du. Xabier Egibar Fundazioko lehendakariak eta Laboral Kutxaren Negozio Garapen Arloko zuzendariak, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak Fundazioak joan den urtean zehar garatutako jardueraren alderdi nagusiak azaldu dituzte gaur goizean, Bilbon. 


Bere txandan, Xabier Egibar oso pozik agertu da lortutako lorpenekin. Testuinguru ekonomiko eta sozial “konplexu” honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia %12,8koa eta Nafarroako langabezia %14,25ekoa dela kontuan hartuta: “Ekintzailetzaren bidea autoenpleguaren aldeko apustua egiten duten pertsona askoren lan-horizontea argitzeko oso aukera baliagarria dela frogatu du berriz ere Gaztenpresak”. Era berean, Egibarrek Gaztenpresaren ibilbide txalogarria azpimarratu du: “4.120 enpresa baino gehiago eta 7.300 lanpostu inguru sortzen lagundu du lanean daramatzan hiru hamarkada hauetan zehar”. 



Joan den urtean 1.930 proiektu artatu ziren, baina horietatik 402k bakarrik lortu zuten enpresa gisa eratzea.  Gaztenpresaren bitartez sortzen diren enpresek biziraupen-tasa altua dute, %71 ingurukoa, ireki eta 3 urtetara. 


Dagoeneko abian dauden proiektuak sendotzen ere laguntzen du Gaztempresak. Iaz halako 150 lantegi egin ziren, eta 1.500 ekintzailek baino gehiagok hartu zuten parte. Era berean, 500 kontsulta baino gehiago atenditu zituzten.

29 mentoretza, iaz

Mentoring programa da iazko berrikuntza nagusienetariko bat. Enpresa-esperientzia duten 41 profesional boluntarioz osaturiko direktorio bat sortu da. Horiek beren negozioaren kudeaketari buruzko gomendioak ematen dizkiete ekintzaileei, metodologia egituratu baten bitartez, horiek dituzten kudeaketa-gaitasunak sendotuz. Bada, lehen ekitaldi honetan, 29 harreman sinatu dira.

Beste jarduera mota bat ekintzailetzaren sustapena da, unibertsitateen eta lanbide heziketako ikastetxeen laguntzarekin. Zentzu horretan, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lortutako hitzarmenak nabarmendu ditu Gaztempresak.

Iazko ekintzailearen profilari dagokionez, honako ezaugarriak ditu:

  • Batez besteko adina: 39 urte. 

  • %46 langabezian zeuden, eta gainerakoen artean, gehienak lanpostua galtzeko 
arriskuan zeuden. 

  • %46 emakumeak izan dira, eta %54 gizonezkoak. 

  • %75ek unibertsitate-mailako ikasketak baino ikasketa baxuagoak zituzten. 
1,8 lanpostu negozio berri bakoitzeko.

56.400 euroko inbertsioa proiektu bakoitzeko

2015ean, inbertsioen batez besteko zenbatekoa 56.425 eurokoa izan da proiektu bakoitzeko. Zifra hori %11,3 igo da 2014an erregistratutako batez besteko 50.700 euroko inbertsioarekin alderatuta.

Sortutako enpresen %27 merkataritza-sektoreari dagozkio, eta gainerakoak hurbileko zerbitzuak dira funtsean; horrenbestez, oso sustraituta daude tokiko gizartearen ehun ekonomikoan. 


Gaztenpresak gauzatutako jardueraren funtsezko beste alderdi bat nazioarteko aliantzen garapena da. Urrian, Europan momentura arte emandako mikro-kredituen lerrorik handiena sinatu zen, EBko Inbertsio Funtsaren (EIF) EaSI mikro-kredituetarako bermeen programa. 75 milioi euro bideratu ziren pertsona ekintzaile eta autonomoen, start-up deiturikoen eta enpresa txikien etorkizuna sustatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak