Gure Esku Dago dinamikaren oharra, osorik:
"Gaur, 37.000 herritar inguruk, erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historiko bat eman dugu. Etxarri-Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon jarritako kimuari 34 herri batu zaizkio, 37.000 herritar batu zaizkio. Gaur erabakiaren bidean urrats erabakigarria eman dugu, eta ziur gaude, gaur hemen posible izan dena, bihar Euskal Herrian ere posible izango dela. Bejondaigula denoi!
Gaur, 34 herritan, 113 hautetsontzitan, 37.000 herritarren botoak dakartzagu bihar 3.000.000 biztanleko herri honek bere erabakia har dezan.
Gure Esku Dagok 2018ra begira zehaztu du anbizioz beteriko bide orria eta gaur urrats izugarria eman dugu bide horretan. Bide orri hori zer den, nola garatu ahal den azken aste eta hilabeteetan erakutsi dute dozenaka herritarrek. Elkarrekin, Hitzartu, Erain, Geuk Erabaki... tokian toki, bertatik bertara, adostasunaren bidean, erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urratsa eman dugu.
Dinamika hau 123 kilometroko irribarre erraldoi batekin hasi zen, Katalunia eta Eskoziako prozesuek erabakiaren haizeak zekartzaten eta Donostian egin genuen mosaiko erraldoi eta ikusgarri hartan esan genuen, hemen ere erabakia posible izan zedin gure hautetsontzi propioa, gure bide propioa eraiki behar genuela. Iaz, bost hiriburutan josi genituen hamaika koloretako oihalak, esateko, berresteko, herritarron arteko elkarlanak, adostasunak, konplizitateak ehundu behar genituela 3.000.000 biztanleko herri honek erabaki dezan. Hautetsontziei begira jartzeko unea heldu zela.
Eta begira, jarri gara hautetsontziei begira. Are gehiago, hautetsontziak erabiltzen hasi gara, erabakitzen hasi gara.
Ez da bide erraza izan, baina zailena ez da erabakitzea, boto bat hartu eta kutxa baten sartzea izan daiteke, bere soiltasunean. Zaila, galdera pausatzea da, zaila prozesua adostea da, zaila hautetsontziak kalean jartzea da. Hori da adostasuna eskatzen duena, elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogoraraztea eragiten diguna.
Esaten dute, esan izan dugu maiz, mugak, ezinak, paretak, hemendik 500 kilometrora daudela... Agian, baina lehen muga gure baitan dago, Gure Esku Dagok erronka bat jarri du 3.000.000 herritarren eskura... goazen elkarrekin adostuta joan ahal garen urrutienera, goazen elkarren adostasunak ahalbidetzen digun biderik luzeena egitera... bide hau azken muturreraino eramateko berme bakarra, bide hau elkarrekin egitea baita.
Gaur 34 herri hauetan demokraziak honezkero irabazi du. Gaur elkarrekin erabakitzea posible dela, normaltasunez egin ahal dela, ez doala inoren aurka, denon alde baizik, erakutsi dugu. Gaur herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela gure eskuekin ukitu ahal izan dugu, boto papera ilusioz beteriko hautetsontzietan gorde dugunean.
Erronka hau da, gure esku dagoen guztia egitea, herritarron esku dagoen guztia egitea erabakia gauzatu dadin. Ibiliz egingo dugu bidea, erabakiz ikasiko dugu erabakiaren bidea. Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik!
Udazkenean Diman eta Bakaikuko ehunka boto batuko dira bide honetara. Datorren urteko udaberrian beste 60 herrik ere erabakitzeko eskubidea gauzatu egingo dute. Honakoa da gaur arte galdeketa iragarri duten herrien zerrenda:
Aulesti, Arrigorriaga, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Lemoiz, Urduliz, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Usurbil eta Sakanako hainbat herri, Orozko, Zumaia, Larrabetzu, Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil, Leioa…
Datorren astean Sakanaz gain beste hamaika herritan ere galdeketak izango direla iragartzekotan dira Iruñean...
Gaur, gainera, urrats berriak eman ditugu adostasunaren bidean aurrera egiteko. Donostian, 2000 lagunetik gorak bozkatu dute gaur eguerdian Bulebarrean egin duten galdeketan, Donostian erabakitze eskubidearen aldeko herri-galdeketa bat antolatzearen alde zaude? galderari erantzunez, eta 2017an herri galdeketa egitea gustatuko litzaigukeela nabarmendu dute. Getxon, milatik gora lagunek hartu dute parte erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekimenean. “jesartzeko, hitz egiteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta adosteko” prest daudela adierazi dute, eta ariketa horrek erabakitzea ekarri behar duela laster baino berandu. Datorren astean, Hendaiak, Hondarriak eta Irunek urrats ederra emango dute Bidasoaren bi aldeetara.
Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zolloko galdeketak buruan, gaur bide berria abiatu dugu Goierrin, Debagoienan, Aramaion, Azpeitin eta Ispasterren, Euskal Herri osoan jarraipena izango duen bide berri bat.
Ezin zela eta ezin zela... zenbat aldiz entzun ote dugu! Ba entzun, gaur esan dezakegu baietz, ahal dela, eta gaurko 34ekin eta atzetik datozenekin, urtebeteko epean 100 bat herritan erabakitzeko eskubidea gauzatzea lortuko dugula.
Bidea egiteko unea da, erabakitzen hasi gara, erabakitzen ikasten ari gara. Denok gara ezinbesteko erabakia gauza dadin. Hautetsontziak jartzea da lanik zailena, 34 herritan lortu dugu gaur, eta borondatea eta elkarrekin jarduteko gogoa soilik behar ditugu, gaur 34 herritan posible izan dena, bihar 3.000.000 biztanleko herri honetan izan dadin.
Gaur, 34 herritan, 113 hautetsontzitan, 37.000 herritarren botoak dakartzagu bihar 3.000.000 biztanleko herri honek bere erabakia har dezan.
XXI. mendean herri honek etorkizun, elkarrekin eta erabaki hitzak idatzi behar dituelako. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako, herritarron garaia delako eta batez ere, Gure, Esku, Dagoelako! Har dezagun bidea! Jende zoriontsua herri libre batean!".