Herri galdeketa

Independentziaren gainean bozkatzeko aukera 55.000 debagoiendarrek

Mirari Altube 2016ko eka. 5a, 06:00

Erain Debagoiena ekimeneko kideak oraingo astean, Leintz Gatzagan.

Gure Esku Dago dinamikak deitutako herri galdeketaren eguna iritsi da. Gaur, domeka, ekainak 5, da eta 54.833 debagoiendarrek –aramaioarrak barne– dute aukera independentziaren gainean egindako galderari erantzuteko: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?. 33 bozkaleku egongo dira 9 herritan eta jai egitarau bete-betea herririk herri. 

Euskal Herri osoan, orotara, 34 herritan egingo da kontsulta: Debagoienean eta Aramaion; Goierrin, Azpeitian eta Ispasterren (Bizkaia). Herri galdeketa ez da binkulantea. Bultzagileen esanetan, garrantzitsuena da gauza izatea "herriaren borondatea azaleratzeko".

16 urtetik gorakoek

Bozkatzeko eskubidea izango dute 16 urte beteta dituzten guztiek, beti ere Debagoieneko herriren batean erroldatuta egonez gero. Galdeketa-mahaietan ez da hautes-erroldarik egongo. Hortaz, baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute boto emaileek espainiar herritartasuna izanez gero: nortasun agiria edo pasaportea; eta bozkatzera doan Debagoieneko herria agertzen ez bada nortasun agirian udaletxean eskatu behar den errolda ziurtagiria ere bai. 

EHNArekin bozkatzeko ere errolda ziurtagiria behar da.

Espainiar herritartasuna ez dutenen kasuan atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) behar dute; eta bizileku gisa bozkatzera doan herria ez bada agertzen dokumentu horretan, AIZ-arekin batera errolda-ziurtagiria. Identifikazio agiriek jatorrizkoak izan behar dute (kopiek ez dute balio).

Herri batzuetan galdeketa-mahai bat baino gehiago jarriko dituzte herritarrei erraztasunak emate aldera; Aramaion, esaterako, hainbat auzotan jasoko dituzte botoak (guneak eta ordutegia behean zehaztuta). Herri horietako bizilagunek edozein mahaitan bozkatu ahal izango dute, ez dagoelako hautes-erroldarik.

09:00etatik 20:00etara zabalik

Legeak ez du finkatuta galdeketa egikaritzeko jarraitu beharreko prozedurarik, horregatik Gure Esku Dagok ezarritako protokoloa eta beste herri batzuetan emandako prozedurak jarraituko dituzte, beti ere "berme juridikoak" aintzat hartuta eta "parte-hartzea" bultzatuz.

Galdeketa-mahaiak 08:00etan eratuko dituzte, eta hiru lagun egongo dira horietan: mahaiburua eta bi mahaikide. Jarraipen batzordeko kideek eta segurtasunerako izendatutako lagunek ere bozketa-lekuan egon beharko dute. Ondoren, 09:00etan, herritarrendako irekiko dituzte hauteslekuak eta egun guztian izango dira zabalik; mahaiak itxiko dituzte 20:00etan. Orduan ekingo diete boto kontaketari. Hori guztia antolatzeko eta eguneko kontuei jarraipena egiteko 648 lagunek osatutako taldeak jardungo du lanean.

Botoa emateko lekuak

Orotara, botoa emateko 33 leku egokitu dituzte herri guztietan. Arrasaten, 9; Bergaran, 6; Oñatin, 3; Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Elgetan eta Leintz Gatzagan, bana; eta Aramaion, gehien, auzo gehienetan jarri dituzte-eta hautetsontziak: 10.

Hona hemen, botoa emateko lekuak, herririk herri:

Arrasate

  • San Andres auzoa, Txindoki dorrea: Araba etorbidea 1.
  • Arimazubi (San Viator Txiki): Arrasate pasealekua 18
  • Uribe Auzoa: plaza.
  • Erguin: Usaetxe plaza.
  • Ferixalekua (Ikastola): Otalora lizentziaduna 8.
  • Musakola: San Antolin plaza (karpa jarriko da).
  • Santa Marina: Agerre kalea, 21.
  • Gesalibar 8: Gentilola Elkartea.
  • Garagartza 21: Leze-txiki elkartearen aurrea.

Bergara

  • Ibargarai kalea 14: seminarioko karpa.
  • Ibarra kalea 8: Caritasen lokala.
  • Martoko kalea 22 (karpa).
  • Matxiategi kalea 7 (karpa).
  • Angiozar: eliza ingurua.
  • Osintxu: bolatokia.

Oñati

  • Olakua kalea 7.
  • Errekalde kalea 4.
  • Unibertsitate hiribidea 3.

Aretxabaleta

  • Pagaldaixena: Basabe bidea, 2.

Eskoriatza

  • Jose Arana kalea 19: udaletxe ondoko lokala.

Antzuola

  • Kalebarren kalea 16 (lokala).

Aramaio

  • Ibarra: Bizente Goikoetxea plaza, 7. 09:00-20:00.
  • Oleta: auzoko plaza, 12:00-14:30 eta 17:30-19:30.
  • Arexola: auzoko elkartea, 17:30-18:30.
  • Arriola: auzoko plaza, 19:00.
  • Uribarri: auzoko plaza, 12:00-14:00.
  • Untzilla: elizpea, 12:00-14:00.
  • Azkoaga: elizpea, 12:00-14:00.
  • Barajuen: elizpea, 12:00-14:00.
  • Gantzaga: elizpea, 12:00-14:00.
  • Etxaguen: elizpea, 12:00-14:00.

Elgeta

  • Salbador kalea 4, botika parea.

Leintz Gatzaga

  • Jakion enpresako biltegia.

Jai giroa herrietan

Herri galdeketaren eguna "jai eguna" izan dadin gura dute Gure Esku Dagoko kideek. Horregatik egitarau dotoreak antolatu dituzte herri guztietan. Galdeketa-mahaiak zabaltzearekin batera ekingo diete ekitaldiei, eta egun guztian zehar izango dira, besteak beste, kalejirak, kontzertuak, umeendako jolasak eta herri bazkariak.

Arrasate

  • 09:00 Suziri-jaurtiketa eta bozka-tokien irekiera.
  • 10:00 Txalaparta auzoz auzo (Garagartzatik hasita).
  • 11:00 Dantzariak, dultzaineroak, erraldoiak.
  • 12:00-14:00 Txaranga Lesakarra.
  • 12:00-15:00 Txosna herriko plazan.
  • 12:30-14:30 Bertso- eta triki-poteoa.
  • 17:00-19:00 Txaranga lesakarra.
  • 20:00 Suziri-jaurtiketa, bozka-tokien itxiera eta boto-kontaketa.

Bergara

  • 09:00 Bozkatzeko mahaien irekiera (etxafuegoak).
  • 11:30 Haurrentzako jolasak seminarioan.
  • Goizean zehar kalejira herriko kaleetan: txistulariak, trikitilariak...
  • 12:30 Mikro irekia. Kontzertu-segida Irala kalean, Pol-pol tabernako balkoian: Musika Eskolako Big Banda, Anabasa, Azkaiter Pelox Trio...
  • 13:00 Antzerkia Matxiategiko bozkatzeko karparen plazatxoan.
  • Eguerdian pintxo-poteak erdialdean eta Matxiategi kalean.
  • 18:00 Kantu jira erdialdean.
  • 20:00 Bozkatzeko mahaien itxiera.

Oñati

  • 09:00 Etxafuegoen jaurtiketa eta bozketa-mahaien irekiera

OLAKUA-SAN LORENTZON

  • 12:30 Oñatz dantza-taldeko dantzariak
  • 13:00 Trikitilariekin triki-poteoa.

PLAZAN

  • 12:00 Bizikleta-martxa herriko plazatik bozkalekuetara.
  • 12:30 Haur-jolasak Oinaztu taldearen eskutik.
  • 13:30 Boto-kutxatik boto-kutxarako bertso-saioa.
  • 18:00 Txorimalo eta erraldoiak herriko kaleetan zehar.
  • 20:30 Luntxa, emaitzen irakurketa eta jaiaren bukaera.

SAN ANTON PLAZATXOAN (Ona taberna parean)

  • 18:00-20:00 Kontzertua herriko musikarien eskutik.

Aretxabaleta

  • 09:00 Txupinazoa eta mahaien irekiera.
  • 09:30 Diana txistulariekin.
  • 11:00 Puzgarriak.
  • 11:30 Trikitilariak.
  • 12:00 Kalebarreneko txaranga.
  • 12:30 Kantu-poteoa.
  • 13:30 Bertso-saioa Lekaixokaren eskutik.
  • 14:30 Herri-bazkaria Mitarte kalean.
  • 17:00 Street boulder saioa Pagaldaixenetik abiatuta.
  • 17:30 Gaiteroak eta buruhandiak.
  • 18:00 Trikitilariak.
  • 18:00 Bolo-txapelketa.
  • 19:00 Aretxabaleta Abesbatzaren emanaldia.
  • 20:00 Mahaien itxiera eta boto-kontaketa.
  • Egunean zehar artisau-postuak.

Eskoriatza

  • 09:00 Suziriak eta txistularien diana.
  • 11:00 Herriko taldeen ikuskizunak (dantzariak, gimnasia erritmikoa…).
  • 12:00 Giza proba Santa Marina plazan.
  • 13:00 Gure Esku Dago dantza plazan.
  • 13:30 Bertsolariak eta trikitilariak herriko plazan.
  • 14:30 Herri bazkaria plazan (mahaiak egongo dira eta bakoitzak bere jana ekarri beharko du).
  • 16:00 Haurrentzako jolasak eta lantegiak Txirikila taldearen eskutik.
  • 17:00 D-skarga eta Jasan musika-taldeen kontzertuak plazan.
  • 19:00 Jauzi dantzak plazan.
  • 19:30 Herritik mundura, mundutik herrira fusio-dantzaldia plazan.
  • 20:00 Gure Esku Dago abestia eta denok dantzara, eguna ondo amaitzeko.
  • Egun osoan zehar haurren lantegiak.

Antzuola

  • 09:00 Bozkalekuak irekitzea.
  • 12:00 Herriko txistularien kalejira.
  • 14:30 Herri bazkaria Zurrategin.
  • Ondoren Musika-emanaldia herriko taldeekin.

Aramaio

  • 09:00 Bozka-lekuen irekiera, etxafuego eta guzti.
  • 12:00 Kalejira herriko trikitilariekin plazatik kiroldegira, Arabako hainbat herritatik laguntzera eta giroa berotzera etorriko diren 150 lagun ingururi harrera egiteko.
  • 12:00 Talo postua, barra-zerbitzua eta Gure Esku Dagoren mahai ofiziala. GEDen kamiseta koralei Erain Debagoienaren logoa ipintzeko aukera egongo da (norberaren kamisetari 5 eurotan eta berriari 10 eurotan).
  • 12:15 Legutioko txistularien kalejira kiroldegitik plazara.
  • 13:00 Erain Debagoiena otzararen zozketa plazan.
  • 13:15 Kantu-jira Gasteiz kantuz taldearekin plazatik abiatuta.
  • 14:30 Gonbidatuek bazkaria egingo dute kiroldegian. Nahi duten herritarrek ere paella dastatzeko aukera izango dute 5 eurotan (txartelak kiroldegian bertan salduko dituzte).
  • Bazkalondoan kiroldegian kantuan egiteko aukera paregabea izango da.
  • 17:00 Dantza gidatua plazan, neka-neka egin arte.
  • 20:00 Bozka-lekuen itxiera eta boto-kontaketa.

Elgeta

  • 09:00 Bozkalekua irekitzea.
  • 12:30 Triki-poteoa kalean barrena.
  • 20:00 Boto-mahaiaren itxiera eta boto kontaketa.

Leintz Gatzaga

  • 14:30 Herri-bazkaria.
  • 17:00 Bolo-txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak