Herri galdeketa

Alderdi politikoen artean, askotariko iritziak galdeketaren aurrean

Julen Iriondo 2016ko eka. 3a, 16:13

Debagoieneko udaletan ordezkaritza duten alderdiek, bakoitzak bere postura du domekan Erain Debagoienak deituta egingo den herri galdeketaren aurrean. Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? izango da galdera.

Beñardo Kortabarria, EH Bildu

"EH Bilduk babes osoa adierazi nahi dio galdeketari, eta debagoiendar guztiei ariketa demokratiko honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu. EH Bilduk baiezkoaren alde egingo du, eta herritarrak ere horretara animatu nahi ditu, iritzi guztiak errespetatuz. Guk, hemen, Debagoienean eta Euskal Herrian erabaki nahi dugu, mugarik gabe erabaki, gainera: gure industria politikaren inguruan; gure nekazaritza ereduaren inguruan; gure hizkuntza eskubideen inguruan;... Debagoiendar guztion bizi baldintzak hobetzeko, sozialki justuagoa den gizarte berri bat eraikitzeko, gure etorkizun politikoa zein izango den libreki erabakitzeko, bozkatu Bai".

Josu Ezkurdia, EAJ

"Hasteko, ekimenari errespetu osoa adierazi nahi diogu, beti ona delako herriaren iritzia kontuan izatea. Baina egia da, galdeketak egin ondoren jendeak hurrengo urratsa zein den galdetuko duela. Euskal estatu independente bat nahi dugun galdetuta, abertzale batek baiezkoa erantzutea agerikoa da. Horregatik, herri bezala dagokigun erabakitze eskubidea gauzatzerakoan giltzarri da ibilbide sinesgarri eta egingarria aurkeztea. Hor dago, alegia, Legebiltzarrean lantzen ari garen Autogobernu Ponentzia. Urratsak planifikatu eta ebaluatu behar dira, helburua, hau da, independentzia, erdiesteko. Bestetik, kontuan izanda zentsuaren %24 eskasek sinatu duela galdeketaren alde, oso emaitza eskasa espero zaie".

 

Igor Urizar, Baleike-Ahal Dugu

"Galdeketak funtsezko erremintak dira herri demokratiko eta parte-hartzaile bat eraikitzeko; demokrazia zuzena sendotzen dute eta hiritarren borondatea islatzeko ezinbesteko dira. Positiboki baloratzen ditugu. Ekintza honek mahai gainera dakar euskal gizartean existitzen den borondate politiko bat, eta honi erantzun apropos bat eman behar zaio indar politikoen aldetik. Garbia da euskal nazio bat badagoela eta herritarrek burujabe izateko eskubidea dutela eredu soziala, ekonomikoa edo Estatuarekiko erlazioa erabakitzeko. Ildo horretan, alderdion artean marko politiko bat adostea derrigorra da, herriaren borondatea bideratzeko, erabakitzeko eskubidea erreminta zentral bezala erabiliz".

 

Juan Luis Merino, Irabazi

"Positiboa da kontsultak egitea, bizitza publikoko hainbat gai –lan arlokoak, sozialak, ekonomikoak, harreman arlokoak– erabakitzeko parte-hartze erreminta gisa. Baina, independentziari buruz galdetzea zilegi izanda ere, baztertzailea deritzogu, Espainiarekiko harreman modu bakarra jasotzen duelako; herritarren sektore bati bakarrik dago bideratuta, eta ez dira kontuan hartzen beste aukerak: harreman federalak %34ko babesa du, autonomiak %32koa eta independentziak %23koa, azken Euskobarometroaren arabera. Behar dena da, hasteko, estatu ereduari buruzko –eredu soziala eta ekonomikoa barne– gizarte eztabaida handia. Eta gero, galderak behar luke adostua eta inklusiboa".

 

Oscar Garcia, PSE-EE

"Jendeari inporta diona da langabezia, zerbitzu publikoak... Horretan gaude sozialistok, beste guztia bigarren mailakoa da. Erabakitzeko eskubidea egunero gauzatzen da demokrazian, bakoitzak erabakitzen du bere eskumenekoak diren gauzetan. Inork harantzago erabaki nahi badu, eskumenak eta legeak aldatzen saia dadila. Sozialistontzat, erabakitzeko eskubidea da mozorrotutako independentismoa, marra gorri bat, jendea zatitzeko baino balio ez duena, gainera. Gu ari gara lanean denon etorkizun hobe baten alde; etorkizun bat elkarrekin, berdintasunean, askatasunean eta eskubideekin. Pertsonak dira gure aberria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak