Asier Kidam: "Mago profesional askorik ez dago Euskal Herrian, baina maila handia dago"

Aitziber Aranburuzabala 2016ko eka. 3a, 12:40
Asier Kidam magoak gaur, barikua, egingo du ikuskizuna Elgetan.

Asier Kidam (Gasteiz, 1984) magoak zabalduko du gaur, egubakoitza, asteburuan egingo duten Euskarazko Magia Mostra (20:30). Biharko gala Tor eta Txoborro bikoteak eta Imanol Ituñok egingo dute, 22:00etan. Sarrerak leihatilan eta Pikupe.com atarian eskura daitezke; gaurko emanaldirako sei eurotan eta biharkoak hamar eurotan. Egitaraua borobiltzeko, zazpi eta hamabi urte arteko bitarteko haurrentzako tailerrak egingo dituzte domekan, 12:00etan, Elgetako udaletxean.

Ze asmorekin zatoz Espaloira?
Magiaren historia kontatzen dudan 1805 ikuskizuna egingo dut. Klasikoak diren trukuak modu ezberdinean egingo ditut eta ahaztuak dauden beste batzuk berreskuratuko ere bai. Oso joko bisualak dira. Orain arte egin ditudan ikuskizunak xumeagoak izan dira; honako honi beste itxura bat eman gura izan diot, berritzaileagoa.

Bakarrik zaude agertokian, baina publikoarekin jolasten zara.
Bai; hala da. Tresna ezohikoak erabiltzen ditut: kateak, sua, kristalak... Publikoak errespetuz tratatzen duzula ikusten badu, normalean, prest izaten da laguntzeko. Norbaitek lotsa ematen diola esaten badit, ez dut inor behartzen, noski.

Bihar izango diren magoak lagunak dituzu. Nolakoak dira?
Hiruren artean egiteko saio berezia prestatu dute; tartekatzen joango dira. Torrek eta Txoborrok ilusio handiak deritzen trikimailuak egingo dituzte: pertsona bat desagertu, lebitatu… Bien artean sortzen dituzten egoera barregarriekin komedia puntua ere ematen diote. Imanolek egiten duen magia mota, berriz, berak bakarrik egiten du, oso originala da. Egingo dituenen artean, orain dela pare bat urte Espainiako Magia Kongresuan saritutako bat dago. Gaileta-kutxa batetik josteko tresnak aterako ditu, hortik aurrera inork asmatuko ez duena egingo du.

Ze osasun du euskal magiak?
Ez dago mago profesional askorik, baina, orokorrean, maila oso handia dagoela esango nuke.

Ze garrantzi ematen diozu magia euskaraz egiteari?
Egiten ditugun saio gehienak euskarazkoak dira; hala ere, Elgetakoa berezia izango da magoentzako eta baita ikusleentzako ere. Luxuzko aukera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak