Donostia 2016 hiriburu kulturalaren baitako ekimenak Londreseraino iritsi dira oraingoan. Asteburu honetan BaskFest izeneko jaia ospatuko dute bertako Dalston auzuneko The Hive gunean, Ingalaterrako hiriburuan bizi diren hainbat artista eta sortzaile euskaldun batuko dituena. Horien artean, bi debagoiendarren lana ikusteko aukera izango da, Usoa Mendikute bergararrarena eta Itsaso Pol oñatiarrarena.
Hainbat diziplina batuko ditu aipatutako jaiak, gastronomiatik hasi eta bideo instalazioetaraino. London Basque Diasporaren eskutik dator ekimena. Elkarte honek Londresen bizi diren orotariko artistak batzen ditu, guztiak euskaldunak edo euskal kulturarekin loturaren bat dutenak. Arantxa Etxarte eta Isa Suarez dira jaialdiaren antolatzaileetako bi, eta aldi berean, parte hartuko duten artistak. Haien esanetan, egitasmoaren helburua "Euskal Herritik kanpo bizi diren baina euren jatorriarekiko atxikimendua mantentzen duten artista euskaldunei ikusgarritasuna ematea" da.
Horretaz gain, "Londreseko artisten eta Euskal Herriko elkarteen arteko harremanak sortzea" bilatzen du egitasmo honek. Hala, helburua "euskal kultura eta artearen ondarea nazioartekotzea" dala gaineratu dute.
Aurreikuspenak gaindituta
Antolatzaileek Londresen bizi diren euskaldun sortzaileei deia zabaldu zien euren lanak bidal zitzaten, eta horien artean hainbat izan ziren aukeratuak. Eskaera ugari jaso zituzten, eta ekimena oihartzun handia izaten ari da Erresuma Batuan zein Euskal Herrian. Hori dela eta, antolatzaileentzat honezkero "sekulako arrakasta" izan da proiektua.
Prozesu horretan hautatutakoez gain, bestelako izen handiek ere hartuko dute parte BaskFest en. Esaterako, Juan Mari Arzak sukaldari famatuak BaskFest pintxo berezia diseinatu du espresuki hitzordu honetarako.
- Usoa Mendikute, artista: "Nire ustez, oso garrantzitsua da sorterriarekiko lotura ez galtzea"
Usoa Mendikute Bergarakoa da, baina urte asko daramatza herritik kanpo. Hala ere, azaldu du sekula ez duela galdu jatorriarekiko lotura. Hala, urteotan hainbat erakusketa jarri ditu Euskal Herrian. Oraingoan, BaskFesten parte harteko aukeratua izan da, eta bere lana ezagutarazteko aukera paregabea deritzo. Horretaz gain, Londreseko Palmers Green auzuneko kafetegi batean ere behin behineko erakusketa bat jarri du.
Zenbat denbora daroazu Londresen?
Hamabost urte daramatzat Bergaratik kanpo, Londres eta Bartzelona artean. Hala ere, nire ustez, oso garrantzitsua da sorterriarekiko lotura ez galtzea.
Bi lan aurkeztuko dituzu BaskFesten. Zein lan dira horiek?
Mosquito Tigre eta Doors & Windows izeneko bi margolan aurkeztuko ditut. Horiek proposatu nizkien antolatzaileei, eta parte hartzeko aukera paregabea eskaini zidaten. Biak dira akrilikoaz eta collageaz eginda, mihisean.
Nola animatu zinen ekimen honetan parte hartzera?
Kanpoan bizi garen jende askok egin bezala, asko jarduten dut sare sozialetan,Oso tresna erabilgarria iruditzen zait; Euskal Herrian, Bartzelonan, Londresen edota Sardinian (nire beste jopuntu bat) ditudan adiskideekin harremana ez galtzeko, nire artelanak eta jarduerak jendeari ezagutarazteko, edota, nola ez, artearen inguruan sortzen diren ekitaldien berri izateko. Eta hala gertatu zen, sare sozialen bitartez, batetik nire Oreretako lehengusina batek eta bestetik Norwich-en bizi den Bergarako neska batek pasa zizkidaten London Basque Diasporak antolatutako BaskFest jaialdirako deialdiaren oinarriak, eta animatu egin nintzen.
Euskal kulturaren ospakizun bat izango da festa, arlo desberdinetako artelanen bitartez.
- Itsaso Pol, artista: "Londresera etortzea sektoreko jende desberdina ezagutzeko aukera izan da"
Arte eszenikoen eta ikus entzunezkoen graduak ikasi ditu Itsaso Pol oñatiar gazteak Madrilen. Ikasketak zirela-eta joan zen Londresera eta bertako sortzaileen munduak erakarri zuen bereziki. Bi laburmetrai aurkeztuko ditu BaskFesten. Bere lana hobeto ezagutu nahi duenak YouTubeko ItsasoPol kanalera jo dezake.
Zenbat denbora daroazu Londresen?
2015eko irailean iritsi nintzen nire unibertsitateko azken urtea egiteko erasmus bekarekin. Kurtso baterako matrikulatzea lortu nuen eta azken urtea zenez Londresera etortzea eta sektoreko jende desberdina ezagutzea eta beraiekin lan egitea ideia ona zela iruditu zitzaidan, hurrengo urterako unibertsitateko konpromisorik, printzipioz, ez nuelako.
Zer aurkeztuko duzu BaskFesten?
BaskFestera bi laburmetrai aurkeztu ditut, 13 eta Complete. Lehena orain dela urte batzuk grabatu nuen Oñatin nire ahizparekin; kanon sozialak nerabeei nola eragiten dieten dauka gai bezala, forma metaforiko baten kritikatzen nola hauek beraien pertsonalitatea galdu egiten duten plastikozko zerbait bihurtzeko.
Bigarrena Londresen grabatu nuen, bertako ikasle batzuekin eta erasmuseko ikasle gehiagorekin; honek gai bezala Nadiaren bizitzako momentu garrantzitsu bat dauka, non neska zurtz hau bere gurasoekin berriz konektatzeko bide bat topatzen duen.
Zergatik animatu zinen ekimen honetan parte hartzera?
Lagun batek interneteko lotura bidali zidan ikusteko eta erabakitzeko parte hartu ala ez. Irakurri nuenean oso interesgarria iruditu zitzaidan Londresen euskal artisten lanak erakustea eta noski, nire lana jendeari erakusteko aukera handi bat ikusi nuen; beraz, ia zorterik nuen probatzea erabaki nuen.