Eko esperientzia bizi izateko aukera ematen du Bioterra azokak

Leire Kortabarria 2016ko eka. 2a, 10:00
Landaketa bat egiten Bioterra azokan.

Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Bioterra azoka egingo da Ficoban, Irunen, ekainaren 3tik 5era.

Eko esperientzia bertatik bertara bizi izateko aukera ematen du Bioterra azokak. 170 erakusketari espero dituzte aurten. Erakusketarien artean egongo da Debagoieneko Ion Leihoak enpresa ere.

Garapen iraunkorrean eta kontsumo arduratsuan kontzientziatuta dauden profesional eta erabiltzaileendako hitzordu garrantzitsua da Bioterra.

Bioterraza eta bio-edertasuna, berritasunak

Azoka hiru atal edo mundutan banatuta egongo da:

Bioterra mundua. Nekazaritza ekologiko ziurtatutako elikagai-enpresek erakusten dute, %100 organiko ziurtatua den ehungintzakoek, kosmetika ekologiko ziurtatukoek...

Naturall mundua. Osasun eta Ongizate Gunean kosmetika eta higiene naturaleko produktuak, ehungintzakok eta osagarri naturalak, habitat osasungarria, terapia naturaletarako osagarriak, ekoturismoa, erremedio naturalak, prentsa espezializatua eta abar aurkituko dituzu.

Geobat mundua. Geobiologia, bioeraikuntza eta energia berriztagarriei buruzko erakusketariez gainera, leku bat ere egongo da geobiologia, bioeraikuntza eta energia berriztagarrien erakustaldietarako.

Aurten, bi berritasun nagusi izango dira: bioterrazan, aire zabalean, erakusketarien bazkaltzeko eskaintza bio guztiaz gozatzeko lekua, txikienentzako puzgarriekin; eta biobeauty gunea, edertasun bio-aren sekretuak ezagutzeko hitzaldi eta erakustaldi ugarirekin.

Mondragon Korporazioko Orona Fundazioaren laguntzarekin antolatzen dute Bioterra honako hauek: ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), GEA (Ikasketa Geobiologikoen Elkartea), Akitaniako Nekazari Ekologikoen Federazioa, Iparraldeko Nekazaritza Elkartea, Energie de Vie (terapia energetikoa eta reikia), Gipuzkoako Foru Aldundia, Zuhaizpe osasun gunea, edertasun organikoko Nasei saloia eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala.

Bioterraren gaineko informazio osoa webgunean dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak