Bergaran gaur egun dagoen halako tailerra erabiltzeari utziko dio Caritasek. Dena dela, Arrasateko zentro berrian, tailer okupazionalaz gain, beste "zerbitzu ugari" emango ditu Caritasek, langile Xabier Jorrinen esanetan: "Bertan izango dira jangela, baita ematen ditugun formazio saioak ere, eskulanak egiteko lekua…" Zerbitzu horiek guztiak emateko "boluntario asko" behar izango ditu Caritasek eta deialdia egina dago: "Zenbat eta esker oneko jende gehiago etorri, hobe; boluntario guztiak izango dira ongi etorriak", dio Jorrinek.
Iragarpen horrekin batera, 2015eko jardueraren erradiografia eta balorazioa egiten dute Debagoieneko arduradunek. Eta bat dator joan den astean Gipuzkoako 2015eko Memorian jasotzen zenarekin: "Pobreziaren kronifikazio bat eman da; beharrean dauden pertsonen kopuruak bere horretan edo, akaso, zertxobait murriztu da, baina egoera horretan daudenen aterabidea zailagoa da", Jorrinek azaltzen duen moduan.
Profil ohikoena familiena da: asko, guraso bakarreko familiak, emakume atzerritarrak gehienetan, hiru edo lau umerekin; baita bakarrik etorri diren gizonezkoak ere, eta bertako familiak.
245.000 euro
Zehazki, iaz 1.248 pertsonari egin zien harrera Debagoieneko Caritasek Bergaran, Antzuolan, Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan; 2014an baino 374 gutxiago. Horietatik 477 bakarrik zeuden, eta 749 familiak ziren. 477 haietatik 433 etorkinak izan ziren, eta 44, nazionalak.
Gipuzkoan 5 milioi inguru banatu ziren laguntzatan; Debagoienean, 245.000 pasatxo, 2014an baino 13.700 euro gehiago. Honako kopuruak eman ziren, laguntza motaren arabera: bizi iraupenerako, 76.855 euro; etxebizitzarako, 64.800 pasatxo; jangelan, 7.545; enplegu eta formazioan 24.100 euro gastatu ziren; garraioan, 4.910; eta beste premia batzuetarako, 78.800 pasatxo.