"Gizartea ikaratzeari uzteko" eskatu dio Aldundiko bozeramaileak ezker abertzaleari

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko mai. 31a, 15:17
Imanol Lasa.

Imanol Lasak ezker abertzaleko arduradunei leporatu die "gezurretan" aritzea "eta osasunarekiko kezka oinarririk gabe erabiltzea", hondakinen kudeaketarekin lotuta.

"Bizitzan, eta politikan, guztiak ez du balio. Gauza batzuekin ezin da jolasean ibili, eta horietako bat da norberaren eta familiakoen eta ingurukoen osasunarekiko kezka. Guztiz gizatiarra eta ulergarria den sentimendu hori erabiltzea aurkari politikoari erasotzeko, onartezina da. Norbere helburuak lortzerakoan inolako mugarik ez dagoela uste duenak soilik joka dezake horrela, gizartea kontzienteki eta modu demagogikoan beldurtuz. Beldurra eta osasuna ezin dira hain modu arinean erabili. Betiko ezker abertzalearen aurrean gaude", salatu du Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak.

Ezker abertzaleko arduradunei “arduraz” jokatzeko eskatu die. “Ez dugu onartuko, inondik inora, inolako oinarririk gabe guri leporatzea gipuzkoarron osasunarekin jolasean aritzea. Oso larria da horrelako salaketak egitea, mundu guztiak dakienean, gainera, errauskailuaren esleipena ez dela egin oraindik, hau da, ezaugarriak ezagutu gabe”.

Gogorarazi du Zubietako zentroa “ingurumenari lotutako teknologia, baimen eta kontrol aurreratuenekin” eraikiko dela, Europar Batasunak eta bere arauek eskatzen duten moduan. “Araudi horrek kontrolik zorrotzenak ezartzen ditu mota honetako instalazioentzat, beste edozein industria motak dauzkanak baino askoz ere zorrotzagoak eta zabalagoak”.

Nabarmendu duenez, ez dago errauskailuak herritarren osasunarentzat eraginak ekarriko dituela ondorioztatzeko “ebidentzia zientifikorik”. EHUko Medizina Prebentiboko eta Osasun Publikoko departamentuak 2011ko otsailean Zabalgarbiko plantaren inguruan egindako azterketa epidemiologikoa, eta Osakidetzak 2004an egindakoa aipatu ditu: “Biek ondorioztatzen dute gauza bera, ez dagoela arriskurik osasun publikoarentzat”. Gaineratu duenez, instalazio hauek dituzten “filtro eta teknologiek aurrerapen nabarmenak izan dituzte. Gure erreferentzia plantarik modernoenak eta berrienak izango dira, Europan eraikitzen ari direnak. Horiekin parekatuko da Zubietakoa”.

Zubietako sabotajea

Hiru kaputxadunek Zubietan hodeamakina baten kontra egindako, eta bideoan grabatutako erasoaz ere aritu da foru bozeramailea. “Politika zaharra dakarkigu gogora. Euskadin gainditutzat jotzen genituen horrelako jarrera eta jokabide biolentoak, baina badirudi batzuk tamalez berreskuratu nahi dituztela. Oso gertaera larria da, irmoki gaitzesten duguna, eta esker abertzaileari beste horrenbeste egiteko eskatzen dio”. Halaber, baieztatu du erasotutako obra ez dela errauskailuarena, “denok dakigun moduan oraindik ez baita esleipenik egin”, bazik eta Donostiako Udalarena.

“Kanpatzeen, inposaketaren, edo sabotajeen kultura hori, Euskadiko eta Gipuzkoako gizarteak arbuiatu dituen eta lehenbailehen ahaztu nahi dituen aro politiko eta forma batzuetan kokatzen da”, aipatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak