Azterketa-batzordearen helburua izango da "ematen dituen ondorioak Gipuzkoako Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko". EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek eskaera erregistratu aurretik, joan den asteartean, Rivas Vaciamadrideko “Rivas Aire Limpio” elkarteak eta EOIT mediku taldeak hondakin-erraustegiak pertsonen osasunean dituen arriskuen berri eman zioten lurralde-ganberako Ingurumen Batzordeari.
Rivas Aire Limpio elkarteak "oso datu kezkagarriak" eman zituen Valdemingomezko erraustegiak inguruko biztanleriaren osasunean izan duen eragin larriari buruz, eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (EOIT) mediku-elkarte gipuzkoarrak "kalteoi buruzko txosten xehatua aurkeztu eta erraustegiaren eraikuntza baztertzeko eskatu zuten", arreta-printzipioa aldarrikatuta.
EOIT elkarteak emandako informazioaren arabera, hondakin-erraustegi baten funtzionamenduak ondorio hauek ditu: erbi-ezpain kasuen intzidentzia % 230ean handitzen du; giltzurrun-malformazioak % 55ean handitzen ditu; gibeleko minbiziaren intzidentzia % 29an handitzen du, eta biriketako minbiziarena % 14an; eta, pleurako eta besikulako minbizi-kasuen heriotza-tasak % 84an eta % 24an handitzen ditu, hurrenez hurren.
Datu zientifiko horien ondoriozko kezka dela eta, Xabier Olano (EH Bildu) eta Juantxo Iturria (Podemos-Ahal Dugu) bozeramaileek, Ingurumen Batzordean dagozkien bozeramaileekin batera, hots, Iban Asenjorekin eta Ione Cisnerorekin batera, hurrengo ekaineko osoko bilkuran gai horren gaineko azterketa-batzorde bat eratzeari buruz hitz egiteko eskatu dute.