Enrique Ubieta: "Ebolaren inguruan espekulazio ugari egon dira"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko mai. 31a, 13:19
Enrique Ubieta. Argazkia: ECURED.

Kazetari kubatarrak Zona Roja. La experiencia cubana del ébola liburua idatzi berri du, eta gaur aurkeztuko du Bergaran, Irizar jauregian, 19:00etan.

Idatzi duzun liburu berria aurkeztuko duzu gaur Bergaran. Zer aurkituko dute irakurleek bertan?

Ebolak eragina duen Afrikako hiru herrialdeetan egon ziren mediku eta erizainen testigantzak biltzen dituen liburu bat da. Ebola zuten gaixoak artatzen ibili zirenak hain zuzen ere. Bizipen ikusgarriak dituzte pertsona hauek, eta gainera zuzendarien iritziak edo testigantzak eta funtzionario eta presidente batzuen testigantzak ere bildu ditut. Beste alde batetik, liburua bidaien kontaketa bat egiten saiatzen naiz. Ni herrialde horietan egon nintzen, eta nire deskripzioak eta usteak ere azaltzen ditut. Horretaz gain ebola gaitzaren analisi labur bat ere egiten saiatu naiz. Gaixotasun moduan, duen testuinguru soziala, kulturala, antropologikoa, politikoa... aztertzen saiatu naiz.

Gaurko aurkezpenean, gainera, dokumental labur bat eskainiko dugu, nik Kubako telebistako beste bi kazetarirekin bidaiatu nuelako. Nik liburua idatzi nuen, eta eurek dokumentala burutu zuten. Beraz, elkarren osagarri diren bi ikuspegi erakutsiko ditugu.

Badirudi jada ebola gaitzaz ez dela hitz egiten...

Ebola epidemia moduan une honetan bukatu da. ez dago epidemiarik, baina birusak hor jarraitzen du, eta berriro agertuko den ala ez, ez nago hain ziur. Hala ere, gaixotasunaren inguruan espekulazio ugari egon dira. Afrikan gauzak ez dira hemen bezala adibidez ikusten.

Nolakoa izan zen zure esperientzia gaingiroki azalduta Afrikako herrialde horietan?

Oso aberatsa izan zen, eta oso hunkigarria. Lehenik eta behin Kubako medikuek bizi duten estres eta esfortzua konprobatu ahal izan nuelako, eta gero afrikarrek nahiz eta txiroak eta baztertuak izan euren bizitzetan zoriontsu izateko elementuak nola txertatzen dituzten ikusi ahal izan nuelako. Munduko gaitz eta epidemia larrienek erasotutako pertsonak dira, eta errealitatean gero inork ez dio behar zaion garrantzia ematen. Hala ere, niretako esperientzia polita izan zen ere Kubarengandik duten begikotasun maila handia konprobatu ahal izan nuelako. Kubatarren eta afrikarren artean adiskidetasuna existitzen dela, hain zuzen ere, ideologia alde batera lagata.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak