"Mendiari ezin diogu inoiz errespetua galdu, ikasgai ona izan da aurtengo Zegama-Aizkorri"

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 26a, 06:00
Iñaki Uribe-etxeberria, Sancti Espiritun, zaleen berotasunean. | Argazkia: Aritz Gordo

Atleta guztiek ez dute zapatuko Zegama-Aizkorri lasterketako oroitzapen ona gordeko, askok gorriak ikusi zituztelako. Helmugan Kilian Jornetek beste planeta batetik etorri dela erakusten zuen bitartean [3.50] korrikalari asko larri zebiltzan mendian, bai herri mailakoak eta baita elitekoak ere.

Bost mila metro pasako desnibela duen mendi maratoia izanda jakinekoa da egun horretan sufritzea tokatuko dela, eta atletak ondo prestatuta egoten dira sufrikario horretarako, baina hamabosgarren edizio honetako baldintza gogorrek izugarri gogortu zuten proba, eta Aizkorriko mendizerran atleta asko ez aurrera eta ez atzera geratu ziren, tartean hainbat debagoiendar, hipotermiak jota, eta gorputza erabat blokeatuta.

Euskal selekzioko ordezkari eta mendi lasterkari Iñaki Uribe-etxeberria eskoriatzarrak bertatik bertara ikusi ahal izan zituen halako egoera asko: "Aurtengo Zegama-Aizkorri ikasgai ona izan da askorendako, arin joan guran arropa gutxi hartzen dugulako, edo segundo batzuk ez galtzeko soinean daramagun zira janzteko ez dugulako tartetxo bat hartzen, eta ondoren berandu da. Nik iaz ikasi nuen ikasgai hori, hoztu eta tripetatik oso txarto pasa nuelako, hipotermiak jota, eta zapatuan kontu handiz ibili nintzen. Eta hala ere ez pentsa arropa askorik neukanik soinean".  

Hala, beste urte batzuetan baino gutxiago entrenatuta, Uribe-etxeberriaren helburua helmugara iristea zen: "Lasai hasi nintzen. Zegaman 16 gradutako tenperatura geneukan, baina Aratzen hotz egiten zuen, tenperatura jaitsiera handia izan zen. Sancti Espiritun jada jendea hotzak jota ikusi nuen, baina Aizkorriko tontorra pasa eta mendizerran ikusi nuena ez zen batere gozoa izan. Mendiko eskiko lasterketetan ere ez ditut halakoak ikusi. Beste urte batzuetan Aizkorriko mendizerran ikusle asko batu izan da, eta zapatuan ez zegoen horrenbeste; giroa benetan zen txarra. Eta, tarte askotan inor ez zegoen atletei laguntzeko, eta asko ez aurrera eta ez atzera ikusi nituen, erabat gogortuta. Geratu eta aurrera egiteko esaten genien, hor ezin zutela geratu zerbait larria gerta zitekeelako, baina giarreak erabat blokeatuta zituzten askok".

Urbiako fondan nahikoa lan
Antolatzaile eta osasun zerbitzuetako ordezkariek nahikoa lan izan zuten Urbiako fondan: "Esan didate hogei todoterreno inguru ibili zirela han jendea ebakuatzen, eta fondan aurkitu zutela atleta askok babesa. Dena dela, antolatzaileak ez daude atletak ebakuatzera derrigortuta, egoera larria ez baldin bada behintzat. Uste dut atletok kontziente izan behar dugula ezin garela mugaren mugan ibili, mendian gaudelako, eta arazo txikiena izanda ere kapaz izan behar dugula gure kabuz erantzuteko. Ezin dugu espero antolatzaileek gu guztiok laguntzea. Alde horretatik Zegama-Aizkorri hau abisu bat izan da askorendako".

Gabez Takarraran, gertu
Aurrera begira, Uribe-etxeberriak eta beste hainbat lagunek ekainaren 18an antolatuko dute Gabez takarraran, Eskoriatzan: "Dagoeneko zabalik dago izenematea – kirolprobak.com atarian– eta aurreratu nahiko nuke aurtengo edizioan egunean bertan ez ditugula izenak hartuko, horrek antolatzaileoi asko zailtzen digulako lana. Hala, ekainaren 15a izango da azken eguna. Eta, formatu berberari eutsiko diogu, gabez izango da, eta 23 kilometro izango ditu lasterketak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak