Euskal ekonomia %3,3 hazi da urtarriletik martxora

Leire Kortabarria 2016ko mai. 25a, 14:22

Euskadiren ekonomia iazko hiruhileko berean baino %3,3 gehiago hazi da 2016ko lehen hiruhilekoan, Eustaten arabera.

Aurreko hiruhilekoan baino 0,2 hobea da honako datua; hain zuzen, aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,8 hazi da Euskadiren Barne Produktu Gordina. Urte artekoa (iazko epe beraren aldekoa) hamarren bat handiagoa da apirilaren 27an argitaratu zen datu aurreratuaren aldean.

Espainiaren hazkundearekin konparatuz, Euskadiren urte arteko hazkundea 0,1 txikiagoa da, baina Euroeremua-19rena (%1,5) baino 1,8 puntu handiagoa.

Eraikuntza ez beste sektore guztiak hazi dira

Eskaera aldetik, sektore guztiek portaera positiboa izan dute, eraikuntzak izan ezik. Hala, lehen sektorearen hazkunde-erritmoa (%9,3), aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero apalagoa izan da. Industria goraka doa, batez ere 2015eko bigarren hiruhilekotik; oraingoan, urte artekoa handiagoa da aurreko hiruhilekoan baino. Eraikuntzan, beherakada leuntzen ari da. Zerbitzuetan, 2014ko azken hiruhilekotik jarduera positiboa eta egonkorra da. Bereziki nabarmena da esandakoa Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioan, eta Gainerako Zerbitzuetan, non dauden, besteren artean, jarduera profesionalak, finantzetakoak eta aseguruak. Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuetan hazkundea apalagoa da.

Industria, lehen hiruhilekoan, %4,8 gehitu da urte artean, laugarren hiruhilekoan baino bost hamarren gehiago. %0,1eko hazkundea izan da hiruhileko artean lehen honetan.

Eraikuntzan, esan bezala, portaera negatiboa izan da; hala, -%0,3koa izan da hazkundea 2015eko lehen hiruhilekoaren aldean; aurreko hiruhilekoaren aldean, %-2,5.

Zerbitzuak %3 hazi dira

Zerbitzuak %3,0 gehitu dira urte artean; azpisektore guztiak positiboan daude, baina indar ezberdinez: Gainerako zerbitzuak (beste batzuen artean, jarduera profesionalak, finantzak eta aseguruak) %3,4; Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa %3,1; Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak %2,2.

Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak dira hiruhileko arteko gehien hazi direnak, %2,4, baina hazkundea dago azpisektore guztietan. Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa %0,7 gehitu da eta %1,1 Gainerako zerbitzuak.

Urte artean %3,1eko hazkundea izan da Barne Eskarian; aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren hobeto. Esportazioak gehiago gehitu dira inportazioak baino.

Enpleguak, ia 2 puntuko hazkundea

Enplegua (Lanpostuak Dedikazio osoko baliokidetzan neurtuta) %1,9 gehitu da urte artean, eta eraikuntzan ez beste sektore guztietan hazi da. Zerbitzuetan gehitu da gehien enplegua urte artean, %2,3, apalago aurreko hiruhilekoan baino. Industrian, %1,2ko hazkundea izan da, eta bi hiruhileko jarraian goraka egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak