Gipuzkoako enpresa gehienek salmentak handitu dituzte eta langile gehiago hartzeko asmoa dute

Leire Kortabarria 2016ko mai. 24a, 14:29
Pello Gibelalde, prentsaurrekoan.

Gipuzkoako enpresen konfiantza-mailak hobera egiten jarraitzen du, ekonomia susperraldiak eta enpleguak aurrera egiten duten neurrian: enpresen % 86k uste dute haien merkatuak suspertzen ari direla eta normaltasun-egoeran daudela; salmentak areagotu egin dituzte eta, Adegiren aurreikuspenen arabera, baliteke urte bukaerarako 5.000 lanpostu sortzea.

Hori jakinarazi dute Adegiko arduradunek gaur, martitzena, Adegiren ohiko Ekonomia Testuinguru Inkestaren berri ematerakoan.

Ohi bezala, Adegiren batzar orokorraren eta Enpresaren Egunaren bezperan eman dute inkestaren emaitzen berri. Adegiko goi-arduradun guztiak izan dira prentsaurrekoan: presidentea, Pello Gibelalde; hiru presidenteordeak, Koldo Arandia, Susana Quiñones eta Ricardo Gonzalez; eta idazkari orokorra, Jose Miguel Aiertza.

Inkestak jasotako datuen artean, honako hauek daude: hurrengo hilabetetan, % 89ra iritsiko da merkatuak normaltasun-egoeran daudela edo suspertzen ari direla uste duten enpresen ehunekoa.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, batez besteko fakturazioa %1,6 handitu da; zehazki, barne-merkatuari dagokiona %1,0 areagotu da, eta kanpo-merkatuari dagokiona, %1,9. Hamar enpresaren artean, zortziren salmentek gora egin dute edo maila berean daude, eta biren salmentek behera egin dute.
Ahalmen produktiboa zertxobait handitu eta %80koa izan da.

Eskabide-zorroa hazi egin da intentsitate handi samarrez, eta lehen hiruhilekoan %3,4 handitu da, aurreko hiruhilekokoarekin alderatuta. Enpresen %76,5ek eskabide-zorro handiagoa izan dute edo bere horretan mantendu da; enpresen %23,5en eskabide-zorroa, aldiz, murriztu egin da.

Enpresen % 4k langile-kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago kontratatzea aurreikusten dute. Urte osoan, baliteke enpresek 5.500 lanpostu garbi ere sortzea.

Merkatuaz duten pertzepzioaz ere galdetu du Adegik. Enpresen %39ren aburuz, merkatua susperraldian dago. Adierazle hori krisi aurretik, 2015ean eta 2016ko urtarrilean soilik izan da handiagoa. Bestalde, enpresen %47,5i iruditzen zaie merkatua normaltasun-egoeran dagoela; enpresen %14k, ordea, atzeraldian dagoela uste dute.

Enpresen konfiantza neurritsuagoa da; izan ere, merkatua susperraldian dagoela uste duten enpresen ehunekoa 12,5 puntu txikiagoa da. Hurrengo hilabetetan merkatua normaltasun-egoeran egongo dela edo suspertuko dela uste duten enpresen ehunekoa %89ra iritsi da. Hurrengo hilabeteei begira, merkatua hedaldian dagoela uste duten enpresen kopurua handitu egin da pixka bat, eta %39,5era iritsi da. Bestalde, enpresen %49,5ek uste dute merkatua normaltasun-egoeran dagoela; beraz, adierazle hori ere handitu da. Azkenik, lehen baino enpresa gutxiagok uste dute merkatua atzeraldian dagoela; zehazki, %11k. Aurreikuspen hori betetzen bada, serie historikoko maila txikienetan egongo da berriro.

Eurogunean, Espainiak eta Italiak bakarrik egin dute hobera

PMI adierazlearen arabera, Euroguneko industriaren konfiantza zertxobait txikiagoa izan da lehen hiruhilekoan; nolanahi ere, 50 puntutik gorakoa izan da (atzeraldiaren eta hedaldiaren arteko muga). Abenduan, 53,2 puntukoa izan zen, eta apirilean, 51,5 puntukoa. Euroguneko ekonomia handien artean, Italiak eta Espainiak izan dituzte PMI altuenak: apirilean, 53,9 puntu eta 53,5 puntu, hurrenez hurren. Alemanian, ordea, adierazleak behera egin zuen urtarrilean eta otsailean, baina egoera gutxi-gutxi hobetu da, eta 51,8 puntukoa izan da apirilean. Aitzitik, Frantziaren joera kontrakoa izan da: abenduan, 51,4 puntu lortu zituen, eta ordutik aurrera, jaisten joan da; izan ere, 48,0 puntukoa izan zen PMIa apirilean. Orobat, Erresuma Batuaren PMI adierazlea ere atzeraldian geratu da apirilean, 49,2 puntukoa izan baita.

Kanpo-merkatuko fakturazioa ia %2 handitu da

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, batez besteko fakturazioa %1,6 handitu da 2016ko lehen hiruhilekoan; beraz, ez da handitu 2015eko laugarren hiruhilekoko neurri berean. Industria-sektorearen fakturazioak %1,7 egin du gora, eta zerbitzu-sektorearenak, %1,6. Aldiz, eraikuntza- sektorearen fakturazioa %1,9 txikiagotu da.

Barne-merkatuari dagokion fakturazioa %1,0 handitu da, eta kanpo- merkatuari dagokiona, %1,9. Kasu bietan ikusten da erritmoa moteldu dela, nahiz eta barne-merkatuari nabariago sumatzen zaion.
Enpresen %37,5ek adierazi dute salmenta handiagoak izan dituztela aurreko hiruhilekoan baino; hots, lau puntu jaitsi da ehunekoa. Emaitza hobeak lortu izan dira, baina krisiaren aurretik eta 2015eko urtarriletik eta 2016ko urtarrila bitartean soilik.

Enpresen %80k adierazi dute salmenten maila txikiagoa dela; barne- salmentak jaitsi egin dira, eta esportazioak, %46. Horrez gain, aipatzekoa da enpresen %62k pentsatzen dutela merkatua normaltasun- egoeran edo hedaldian dagoela.

Eskabide-zorroa handitzen doa

Eskabide-zorroa handitzen ari den erritmoa biziagotu da, eta % 3,4ra heldu da. Enpresen % 32,5ek adierazi dute eskabide-zorroa handitu egin zaiela, eta % 44k diote maila berean dagoela; gainerako %23,5enak behera egin du, ordea.
 Horrenbestez, fakturazio txikiagoa izan duten enpresa gehiago daude; nolanahi ere, batez besteko beherapena nabarmen txikiagoa da, urtarrilean adierazitakoa baino.

Enpresen %94k lanpostu berberak edo gehiago izango dituzte

Enpresen %94k langile kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago kontratatzea aurreikusten dute. Urte osoan, baliteke enpresek 5.500 lanpostu garbi ere sortzea. Badira langile kopuru nahikoa ez dutela pentsatzen duten enpresak; zehazki, %10,5. Beste zenbaitek, %10ek, uste dute langile gehiegi dituztela, eta enpresen %80k nahikotzat jotzen dute langile-kopurua.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak