Partaidetzan oinarrituta heldu nahi die Foru Aldundiak Gipuzkoaren erronkei

Leire Kortabarria 2016ko mai. 19a, 13:30

Etorkizuna Eraikiz programa aurkezten.

Esperientzia pilotuak martxan jarri, ebaluatu eta, gero, ondorioak politika publikoetan txertatu. Eskema honi jarraituta landu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak, gaur, eguena, diputatu nagusi Markel Olanok aurkeztu duen Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren arabera.

Foru Aldundiaren esanetan, ekimenak "gobernantza eredu ireki eta parte-hartzailea du ardatz, eta prozesu guztia gizarte antolatuko eta unibertsitate sistemako eragileekin partekatu eta kontrastatzea aurreikusten du".

20 esperientzia pilotu enpresatan

Egitasmoa bi zutabe nagusiren gainean eraiki da: alde batetik, GipuzkoaLab deritzona, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena, hauek ebaluatu ostean eraginkor eta erabilgarri agertu direnak politika publikoetan sartzeko. Epe motzera begira, 2016an bertan, lau proiektu nagusitan sakondu nahi da. Horietako bi enpresen arloan izango dira: partaidetza, batetik, eta genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea, bestetik. Horretarako, hamarna esperientzia pilotu jarriko dira martxan beste hainbeste enpresatan, 500 pertsonen partaidetzarekin. Guztira, beraz, 20 enpresa eta 1.000 lagunen parte-hartzea aurreikusten da hasieran.

Hirugarren proiektua Gizarte Politikaren arloan egingo da, adinduen arretarako erreferentziazko zentro baten garapena landuz eta hirugarren sektorea bultzatzeko beste lau esperientzia abian jarriz.

Laugarren ekimenak euskararen arloa jorratuko du, ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia sustatuz.

2026ra arteko Plan Estrategikoa osatu nahi da

Bigarren ardatza Gipuzkoa Taldean litzateke, gizarte antolatuarekin elkarlanean eta etengabeko elkarrizketan oinarrituta, Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea helburu izango duena. Hau da, lurralde gisara Gipuzkoa eta gipuzkoarrok non gauden zehaztu, norabidea adostu eta nola egin aurrerapauso hori gauzatu eta aplikatzen hasteko. Gizarteko hainbat arlotako 60 ordezkarik osatuko dute gogoeta eta gobernantza organo hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak