Etorkizuna eta ekonomia dira gipuzkoarron kezka nagusiak

Leire Kortabarria 2016ko mai. 18a, 16:01

Etorkizunari buruzko ziurgabetasuna eta egoera ekonomikoa dira Gipuzkoako gizartearen bi kezka nagusiak, Aldundiak berriki egindako inkestak ondorioztatzen duenez. Gaur, eguaztena, aurkeztu ditu inkestaren emaitzak Imanol Lasa foru bozeramaileak.

200 elkarrizketa egin zaizkie telefonoz Gipuzkoako herritarrei, maiatzean zehar, metodologia kuantitatiboan oinarrituta. Honela, herritarrek duten ikuspegiaren argazki orokorra eskuratu nahi izan du foru gobernuak.

Beraien eta ingurukoen etorkizunak kezka pizten du gipuzkoarrongan. 8,26ko notarekin kuantifikatzen dute kezka, 10etik. Gipuzkoaren etorkizunaren gaineko kezka 7,70koa da, eta Euskadiren gainekoa, 7,81. Herri mailan, langabezia jotzen dute konpondu beharreko arazo inportanteenetzat inkestatuen erdiek; urrun gelditzen dira, bigarren tokian, zaborrak -%7,0- eta etxebizitza -%3,0-. Gipuzkoa eta Euskadiren testuinguruan ere, langabezia eta enpleguaren sustapena dira ardura nagusiak, %58rentzat eta %62rentzat, hurrenez hurren.

Iruzurra, hezkuntza, familia…

Herritarrek lehentasunezkotzat dituzten aferei dagokienez, lehen tokian daude ere ekonomia eta enplegua, 9,01eko notarekin. Ondoren datoz zerga iruzurra (8,69), gazteen heziketa (8,62), gizarte zerbitzuak (8,43), laneko eta familiako bizimodua uztartzea (8,28) eta ingurugiroa (8,10).

Era berean, inkesta erantzun duten pertsona gehienek uste dute erakundeak ez direla behar beste kezkatzen herritarren etorkizunaz -4,96 puntuazioa ematen diete alor honetan-, eta %41,5ek iritzi diote politikariek bereziki etorkizunean pentsatuz landu beharko lituzkeela proiektuak –batik bat orainaz arduratu beharko luketela uste dutenen portzentaje ia bera, %43,5-. Areago, %78ren iritziz, erakunde publikoek epe luzeko proiektuak eduki beharko lituzkete esku artean.

Azkenik, %85,5en irudiko, beharrezkoa da herritarren eta erakundeen arteko harremana aldatzea –gaur egungoari 4,92ko nota ematen diote-, eta horretarako modurik egokiena, %41,5en arabera, gertutasun handiagoa edukitzea da, lehen tokian, eta herritarren partaidetza da gehien errepikatutako bigarren gakoa -%9,4k-. Honek berresten du, Lasak esan duenez, Aldundia norabide egokian doala “gobernantza onaren alde” egiten ari den apustuarekin.

Etorkizuna Eraikiz aurkeztuko du Aldundiak

Arlo orokorrago batean, inkestak utzitako ondorioak bat datoz Aldundiak egindako azterketa integralean ateratakoekin. Eszenatoki honi erantzuteko, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa jarriko du martxan. Bihar, eguena, aurkeztuko du ekimen hau Markel Olano diputatu nagusiak. Ostiralean, berriz, ekitaldi berezi batean gizarteratuko da. Helburu bikoitza du: alde batetik, etorkizuneko proiektu batzuk aurkeztea, Gipuzkoaren garapen sozioekonomikoari lotuak; eta, beste aldetik, Gipuzkoako gizarteari bide-orri bat proposatzea, denon artean pentsatzeko Lurraldeak aurrez aurre dituen eginkizunetarako nolako irtenbideak asmatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak