Elortzak gaineratu du Korrikak bezala, Txirrinkak ere bere lekukoa izango duela –argazkian–, berezi askoa, ze lau zatitan banatu eta zutabe bakoitzak Debagoieneraino ekarriko du zati bana, harik eta maiatzaren 22an Angiozarren lekukoa osatu arte. "Zati bakoitza da hazi bat ernetzen balego moduan, eta hazi guztiak hemen Angiozarren lotuko ditugu. Ingurumenaren aldeko lekukoa da", dio Elortzak.
Angiozar, 'Y'-aren muino
Izan ere, Txirrinka "AHTaren eta proiektu txikitzaileen kontrako borroka" dela azpimarratu du hark. "Helburua da jendearengan eragitea, ikusarazteko ze gizarte eredu ari garen modelatzen; ez gabiltza pentsatzen etorkizuneko pertsonengan; ari gara haiek inongo baliabiderik gabe lagatzen, eta hori oso larria da. Urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: AHTa, fracking-a, Garoña, errauskailua, goi tentsioko lineak… Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. Txirrinka bukatzeko Angiozar aukeratu da, Euskal Y-a izenez ezagutzen delako Euskal Herriko AHTaren ibilbidea, eta Y elkartzen den muinoa da Angiozar. Obrak orain hasi dira, zundaketak egiten, baina beste ezer eraikitzen hasi barik dagoen lekua da".