Herri-komunikabideak, eraldaketa sozialerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 16a, 09:00

Elkarhezitzen eta Mugarik Gabe ekimenek Goiena Komunikazio Taldearekin batera, Komunikatuz Eraldatu-Herriak euren komunikazioaren jabe izeneko jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 17tik 26ra.

Jardunaldiek helburu argia dute: "Mass-media delakoek sustatutako pentsamendu bakarraren aurrean, herri-komunikabideen bitarteko komunikazioa ezinbesteko tresna da eraldaketa soziala, tokian tokiko kultura eta hizkuntzak eta beste jendarte eredu bat bultzatzeko".

Gai hori jorratzeko, Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan hitzaldiak, solasaldiak eta dokumentalak antolatu dituzte, Euskal Herriko, Mexikoko, Argentinako eta Boliviako komunikatzaileen eta kazetarien parte hartzearekin.

Indigenen errealitatea gertutik

Jardunaldietako ekintza guztiak 19:00etan izango dira. Maiatzaren 17an, Eutsi edo hil, herri indigenen salaketa, ikuspuntu eta proposamenak izeneko dokumentala ikusi ahalko da Aretxabaletako Arkupen; ondoren berbaldia izango dute komunikatzaile indigenekin. Maiatzaren 18an, Komunikazio alternatiboa eta herri komunikabideak eraldaketa sozialerako izenburu izango duen mahai-ingurua egingo dute bertako zein Latinoamerikako komunikatzaileen parte hartzearekin, euskaraz zein gazteleraz. Arrasateko Kulturaten izango da.

Egitaraua borobiltzeko, herri indigenek egindako Malla Malla Pewenche, memoria y resistencia mapuche eta Soy colla izeneko dokumentalak ikusi ahalko dira maiatzaren 24an Arrasateko Kulturaten eta maiatzaren 26an Oñatiko zinema aretoan. Sarrera doakoa izango da jardunaldietako ekintza guztietarako.

Kanpoko eta bertako ahotsak

Jardunaldietan goi mailako hizlariak izango dira aurten ere. Kanpotik datozenen artean daude Bashe Numen, Ivan Sanjines eta Mariano Estrada. Lehena, Argentinako Asociación comunitaria indígena de comunicación elkarteko kidea da; Chacoko komunitate indigenen antolaketa, autogestioa, garapena eta partaidetza sustatzea dute helburu komunikazioaren bitartez.

Sanjines, Boliviako Fundación para el desarrollo de la comunicación intercultural fundazioko zuzendaria eta fundatzailea da. Hirugarrena, Mexikoko Tzeltzal herriko Mariano Estrada da; herri indigenen zinemarako eta komunikaziorako CLACPI antolakundeko koordinatzaile orokorra da.

Euskal Herriko komunikatzaileei erreparatuz, batez ere Ekialde Hurbilean lan egiten duen Ane Irazabal freelance kazetaria, Arantza Santesteban historialaria eta komunikazio zein genero kontuetan aditua –Komunikazio parekiderantz. Kazetarientzako eskuliburua izeneko liburuaren egilea– eta Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendaria izango dira. Hizlari horiez gain, aspalditik Euskal Herrian bizi den Fakun Aznarez kazetari argentinarrak ere hartuko du parte.

Egitaraua:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak