Topaketa horren helburua da tokiko entitateak kontzientziatzea Europara irekitzeak duen garrantziaz eta, halaber, gaur egun dauden aukerei buruzko informazioa ematea, bai proiektuak finantzatzeko eta baita lankidetzarako sareetan parte hartzeko ere, batez ere interes handiko proiektuetan. Aldundiak zuzenean ezagutu ahal izan ditu kanpoko proiekzioari begira udalek dituzten beharrak, lehentasunak eta erronkak.
Horrela, Europako Zuzenbide irakasle, Eurobask-eko idazkari nagusi eta Europako Mugimenduaren Euskal Batzordearen kide Joxerramon Bengoetxeak EBa, Gipuzkoarentzako etorkizun agertokia izenburua duen hitzaldia egin du. Ondoren, Kanpoko Harremanetako idazkaritza teknikoko Iñigo Alvarez de Eulatek Aldundiaren Europako estrategia, Gipuzkoa Indartuz, aurkeztu die bertaratutakoei. Azkenik, dinamika parte-hartzaile bat antolatu da mahaien artean, esperientziak trukatzeko, eztabaida sortzeko eta lan proposamenak egiteko.
Workshop-aren ondorioak baliagarriak izango dira Aldundiak abian jarri duen Bulego Birtualaren zerbitzuak eta egitura zehazteko; hain zuzen ere, bulego horren bidez proiektuetarako (programak, funtsak…) kofinantzazioa bilatzeko dauden aukeren eta erronken informazioa eta laguntza eman nahi zaizkie udalei eta eskualdeei, eta baita Europako beste eskualde eta udalerriekin elkarlan esparruak finkatzeko dauden aukeren berri ere.
282 eskualderen artean 20. postuan
Aldundiaren helburua da laguntza ematea eszenatoki berri horrek eskatzen duen eguneroko lanean, dituen baliabideak haien eskura jarrita, eta horretarako sortu du Gipuzkoa Indartuz. Euskadi 20. postuan dago, 282 eskualderen artean, I+G+b-ri, klusterrei eta enpresa pribatuei lotutako ekimenetan parte hartzearen alorrean, eta 25. postuan eremu horretan Europako funtsak eskuratzerakoan. Hala ere, partaidetza eta presentzia soziala eta erakundeena aztertzen bada, errealitatea oso bestelakoa da: izan ere, BPG adierazlea kontuan hartuta, Euskadi Estatuaren %5-6 da, baina europar programetan duen partaidetza ez da estatuaren partaidetza osoaren %1,5era iristen.