Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoa osoko buzoiak informazio-orriz bete nahi ditu. Mobilizazio zabal honen bitartez, "erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali" nahi diete.
"Komunikabide handietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. Beraiek herritarrei ezkutatzen dietena azalarazteko gai garela demostratuko dugu. Batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana, banan-bana, iritsiko dira.", azaldu dute.
Buzoietan sartuko dituzten esku-orrietan hiru mezu nagusi azpimarratuko dituzte. Hona hemen Erraustegiaren Aurkako mugimenduak planteatutako hiru ideiak:
· Erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Erraustegiaren inguruan minbizi kasu gehiago pairatzeko arriskua frogatu da. Dozenaka ikerketa daude, baina bat aipatzearren: Carlos III Osasunerako Institutuak (2013). Minbiziak ez du bereizketarik egiten ez klase sozial, arraza edo sexuen artean, ezta alderdi politikoen boto-emaileen artean ere.
· Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu ditu erraustegiaren kostuak. Hasieran 300 milioi euro kostua izango zuela iragarri arren, orain jakin ahal izan dugu kopuru hori 1.200 miliotara iritsiko dela. Eta horietatik %10, “garbi”, enpresa pribatu baten akzionistek eramango dute. Eta zeinek ordainduko du? Herritarrok, gure tasen eta zergen bitartez. Hau onartezina da!
· Zabortegiak ez dira konponbidea. Ez Epelen, ez Lapatxen, ezta Kantabrian ere. Soluzioa gero eta hondakin gutxiago sortzea da, ahalik eta baliabide gehienak berreskuratzea eta bakoitzak bere etxean hondakinak berezituak jasotzea. Badaude herri eta eskualde asko Gipuzkoan hori dena egitea posible dela demostratzen ari direnak, udalean alderdi politiko bat edo bestea egon (Debagoiena, adibidez).