Langileen parte-hartzearen foru arau proiektua hilabetez egongo da ikusgai, gaur hasita

Leire Kortabarria 2016ko mai. 11a, 14:08

Miren Elgarresta, Jabier Larrañaga eta Bittori Zabala.

Enpresan langileen parte-hartzea sustatzeko foru arau proiektua aurkeztu du gaur, eguaztena, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Uda eta gero onartzekoa da.

Langileak euren enpresetako erabakigunetara hurbildu partaidetza sustatuz eta, bide honetatik, enpresako erabakiguneak lurraldean sustraitu. Ideia honi jarraituz eraiki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak langileen parte-hartzea bultzatzeko Foru Arau proiektua. Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dago neurria, eta berau aurkeztu dute Ogasun diputatu Jabier Larrañagak, Zerga eta Finantza Politikako zuzendari Bittori Zabalak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Miren Elgarresta oñatiarrak.

Larrañagak, Zabalak eta Elgarrestak azaldu dutenez, Foru Arau proiektua gaur jarriko da jendaurrean, eta hilabetez egongo da esekita. Ondoren, Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso beharko du eta, uda eta gero, Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da. Onartzen denean atzeraeraginezko izaerarekin jarriko da indarrean, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Langileen parte-hartzea bultzatzeak, foru diputatuaren iritziz, eragin positibo bi izan ditzake: batetik, erabaki guneak lurraldean sustraitzea, deslokalizazioei aurre hartzeko eragile gisa. Eta honi lotuta, langileak enpresaren kudeaketa eta erabaki estrategikoen partaide egitea,  lehiakortasuna hobetuz.

PFEZen aldaketak, salerosketa bultzatzeko

Proiektuak enpresari saltzaile zein enpresako langileentzat erakargarri egin nahi du eskualdatzea, eta, horretarako, aldaketak egin ditu PFEZen. Transmititzen duenaren gehieneko adina 65 urtetik 60 urtera jaitsiko da, eta salmentatik datozen irabaziak salbuetsita egoten jarraituko dute PFEZen ondare irabazian (kanpoko erosle bati saltzean ez bezala). Enpresako langile guztiei aurretiazko eskaintza egiteko beharkizuna ere kendu egiten da, Zabalak azaldu duenez, orain arte mota honetako eskualdatzeentzat oztopo zelako, eta langileek osatutako enpresa bati saltzea ere posible izango da.

Langileentzat, bere aldetik, %15eko kenkaria ezartzen da kuotan, eta urteko muga 1.500 eurokoa izango da gizonen kasuan, 2.000 eurokoa emakumeenean. Muga gainditu izanagatik edo kuota osoa txikiegia delako kendu ez diren kantitateak hurrengo lau ekitaldietan erabili ahal izango dira, 6.000 euroko muga arte gizonezkoen kasuan eta 8.000 arte emakumeenean. Epeei dagokionez, langileek salmentaren aurreko bost urtetatik gutxienez hirutan jardunda izan beharko dute enpresan lanean, eskualdatzearen ostean, akzio edo partaidetzak hurrengo bost urtetan mantendu beharko dituzte.

Eszedentziak kontuan hartuko dira

Elgarrestak, bere aldetik, legedian emakumezkoentzako neurri positiboak txertatzea enpresa munduan bizi den “genero desberdintasun errealitateari” erantzuna emateko nahiak bultzatu duela nabarmendu du. Foru Arau proiektuak jaso du beste neurri aipagarri bat ere sexu berdintasunari dagokionez. Langileek erosiko duten enpresan epe jakin bat egin behar dute lanean kenkariak aplikatu ahal izateko eta, denbora tarte hau zenbatzerako orduan, senideen zaintza dela eta borondatezko eszedentziak ere kontuan hartuko dira. Elgarrestak azaldu duenez, eszedentzia hauek hartzen dituzten langileen %94 emakumezkoak dira eta, kenkariei dagokionez, neurriak ezberdintasun egoera hori ezereztea du jomuga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak