ETEendako 787.300 euroko laguntza programak onartu ditu Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2016ko mai. 10a, 15:26

Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzako laguntza programa onartu du Diputatuen Kontseiluak, trakzioa duten enpresekin lankidetzarako, 787.300 eurorekin hornituta.

Lurraldeko ETEei babesa eskaintzea da  helburua, enpresa eta entitate traktoreekin elkarlanetik abiatuta, atzerrira zabaltzeko. Hala jakinarazi du Imanol Lasa foru bozeramaleak gaur eskainitako prentsaurrekoan.

Egitasmo horrekin, atzerrian baliabideak  eta eskarmentua duten enpresen indarra aprobetxatu nahi da, traktore izan daitezen, lurraldeko ekonomiaren globalizazioa sustatu eta enpresa hornitzaileen katea dinamizatzeko.  Enpresen arteko lankidetza eta kooperazioa indartzen da horrela, ETEei nazioarteko merkatuetara zabaltzen laguntzeko ahalik eta modu erregular eta integralenean.

Era berean, enpresei merkatu berrietara irekitzeko laguntza eskaini diezaieketen eragile ugari daude Gipuzkoan, nazioartekotzean eskarmentu eta ezagutza handikoak. Eragile horietako batzuk dira Gipuzkoako Bazkundea, Teknologia Zentroak, eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko beste entitateak. Hauek ere traktore gisa parte har dezakete programan. Diruz lagundutako proiektuek entitate traktore bat eta bi ETE elkartu beharko dituzte, gutxienez. Laguntza proiektuaren kostuaren %75 izan daiteke, enpresa txikien kasuan, eta %65, ertainen kasuan.

Iaz, Gipuzkoako Bazkundeak edo nazioarteko ETEak buru zituzten proiektuetan Gipuzkoako 79 enpresa txiki eta ertainek hartu zuten parte; eta enpresek eta azalera handiek batera egindako proiektuetan, beste lauk.

Lehen sektorea indartzeko, 2,25 milioi laguntzatan

Lehen sektorea bultzatzeko hiru diru-laguntza ildoren oinarriak ere onartu ditu Kontseiluak: nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko diru-laguntzak; nekazari gazteek enpresak sortzeko diru-laguntzak; eta ustiategi txikien garapena helburu dutenak. Lehen bi ildoek Europako kofinantzazioa jasoko dute. Ustiategi txikien garapenerako laguntzak, aldiz, bere baliabideekin bideratuko ditu Aldundiak oso-osorik.

Lasak iragarri du apustu handia egingo dutela “estrategikoa den sektorea indartzeko”. Hala, nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko diru-laguntzek 2.250.000 euroko aurrekontua edukiko dute; nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzek, 675.000 eurokoa; eta ustiategi txikien garapeneko laguntzek, azkenik, 90.000 eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak