18 milioi fakturatu nahi ditu Fagor Grupo Mueblek 2018rako, iazkoaren hirukoitza

Leire Kortabarria 2016ko mai. 10a, 14:18

Fagor Grupo Mueblek 18 milioi euro fakturatzeko helburua du 2016-2018 epean, 2015koaren ia hirukoitza; eta %45 langile gehiago izan nahi ditu. Gaur Donostian egin duen prentsaurrekoan azaldu du kooperatibak hori guztia.

Bere plan estrategikoa aurkezteko izan da prentsaurrekoa. Alexander Arriola Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateko Zuzendari Nagusiak (SPRI) FGM goratu eta zoriondu du, izan dituen oztopoak gainditzeagatik: krisi ekonomikoa, sektorekoa bera, eta hartzekodunen lehiaketa bat.

Hori dena gaindituta, helburu anbiziodunak aurkeztu ditu Fagor Grupo Mueblek. Enpleguari dagokionez, “kalitatezkoa” eta “ingurunean” izango dela esan dute arduradunek.

FGMk, Azpeitian kokatua, bi urte ere ez ditu behar izan hasierako egoera iraultzeko, hau da, krisi orokor bat, altzariaren sektoreko krisia eta hartzekodunen lehiaketa gainditzeko. FGMk oso eboluzio baikorra izan du 2015ean, eta haren fakturazioa ia 7 milioi eurotara igo da; hau da, %89 igo da 2014tik. Salmenta horietatik %84 kanpoan egiten ditu, eta gainerako %16a, estatuko merkatuan.

2015ean norabidea aldatu zuen

Fagor Grupo Muebleko arduradunen esanetan, hainbat motibo daude 2015eko norabide aldaketa posible egin dutenak: nazioarteko estrategia aldatzea; txikizkako eredua uztea; 'contract' sektorean proiektu integralen negozioa bultzatzea, hotel negozioa hartuta unitate nagusi gisa; Maecenas Kapital bazkide nagusiaren kapital injekzioa; zerbitzu globala eskaintzea arreta lokalarekin; eta hiru negozio unitate zehaztea (hospitality, office solutions eta property development).

Plan estrategiko berriak hazkunde proiekzio handia dakar, eta 2018an 18 milioi euro ere fakturatzea da asmoa, hau da, %222 handitzea, 2015arekin alderatuta. Beraz, salmentak hirukoiztea esan nahi du horrek.

Operazio kopurua handituta eta barne profesionalizazioa handituta, ustiapen marjina %15 inguru hobetzea espero da. Horren ondorioz, cash flow-a handituko da, eta aurre egin ahalko zaio lehiaketa dela medio itundu den hartzekodunen hitzarmenari.

Horretaz gain, planean, erakundearen antolaketa egokitu beharko dela dator, salmenta igoerari era efizientean eusteko eta erantzuteko.

55 langiletik 80ra

Bestalde, epe berean, enplegu zuzena %45 igoko dela espero dute, eta hala, 55 langiletatik 80ra igarotzea. "Hazi egin nahi dugu, loditu gabe. Enpresaren estrategia aldaketaren oinarrietako bat proiektukako antolaketa izango da. Proiektu bakoitzarentzat talde bat sortuko da berariaz", esan du FGMko zuzendari nagusiak, Jorge Alvarezek.

Gainera, Jorge Alvarezek azpimarratu du tokiko enpresetarako enplegu ugari sortzen dela: "Berriz ere kalitatezko enplegua sorrarazi nahi dugu inguru hurbilean; izan ere, hori da gure izatearen funtsa". Alde horretatik, 2015ean, 3.700.000 euroko negozioa sorrarazi zuen FGMk erosketetan eta zerbitzuetan Espainiako Estatuan; horietatik %40 (1.480.000 €) EAEko enpresetan sorrarazia, honako sektore hauetan: mekanizazioa, tapizeria, zurgintza, egitura metalikoak, burdineria, beirak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak