Gorlako motor hotsak 25 urte

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 6a, 08:00

Ezkerretik hasita Aitor Zabaleta pilotua, Xabier Zabaleta –Gorla Racing– Angel Gurrutxaga federazioko presidentea, eta Erlantz Olabarria –Gorla Racing–.

"Bergararrak izanda guk zer esango dugu ba, Gorlako Igoera lasterketa ederra dela, seguruenik, Euskal Herrian dagoen konpletoena". 25 urte beteko dituen proba hamasei alditan irabazi duen Aitor Zabaletaren adierazpenak dira, martitzenean Bergarako Lainon egindako aurkezpenean. Hala, lasterketa herritarrei gerturatzeko seminarioko patioan antolatuko dituzte probaren inguruko hainbat kontu. 

"Denetik dauka igoerak, kurba azkarrak, kurba itxiak, errazak diruditen kurbak eta gero batere errazak ez direnak, pare bat arriskutsu ere bai, abiadura handia hartzen den hainbat zona... Pilotuei asko gustatzen zaigu igoera hau, eta irteera puntuan 70 autotik gora batzeak erakusten du hori. Gainera, badirudi eguraldiak lagundu egingo duela, horrenbestez, ezin hobeto". Izan ere, Zabaletak ez du euririk gura: "Akaso batzuendako horrek ikusgarritasuna emango dio, baina askoz seguruagoa da sikuan ibiltzea".

Seminarioan batu dira denak

Gorla Racing taldeko Xabier Zabaletak azaldu zuen 25. urteurren hau baliatu gura dutela lasterketa herritarrei gerturatzeko: "Horretarako taberna bat, puzgarriak eta txikiendako quads batzuk jarriko dituzte Seminarioko patioan, eta horrekin batera automobilen azterketak bertan egingo dituzte, baita sari banaketa ekitaldia ere. Hala, orain arte moduan ITVko aparkalekua –herriaren erditik urrun– erabili beharrean, ekitaldi denak herritarrengandik gertuago egingo dituzte: "Ea horrela herria bera apur bat girotzen dugun, horixe da guzti honen helburua".

 Lasterketak parte-hartze kopuru polita izango du, 72 pilotu guztira, eta horietako asko debagoiendarrak. Hala, Udana, Gorla Racing, Eskomotor eta A + Gas ibarreko eskuderietako 23 pilotu datoz parte-hartzaileen zerrendan. Garaipenerako faborito nagusia Zabaleta eta haren Lola BMWa dira, eta CM kategoria barruan Iñaki Jauregi eta Michel Iribarren lehiatuko dira (Speed car). Eta, ondoren datoz Iban Tarsicio (EVO IX), Gerard de la Casa (Seat Cordoba WRC), Bruno Scherer (Porche 997 GT3), Gorka Eizmendi (M3), Iñigo Olabegogeaskoetxea (M3), Markel Cestafe (EVO VII), Lebeiti (R5 Turbo), Corcuera (Golf 1.8T), Alberdi (Escort MK-II) edota Txus Jaio (BMW 320) moduko pilotuak.

Segurtasuna eta garbitasuna

Lasterketako xehetasunak alde batera utzita, bai antolatzaileek eta baita federazioko ordezkariek ere zorrotz jokatuko dute probako segurtasun neurriak zaintzerako orduan. Eta, Euskadiko automobil federazioko presidente Angel Gurrutxagak hainbat eskaera egin zituen: "Egun on bat pasatzeko asmoz gatoz denok, eta ez dugu inolako istripurik gura. Horretarako, ikusleei eskatuko nieke ibilbidean zehar dauden komisarioei kasu egiteko, eta debekatuta dagoen tokietan ez jartzeko, euren segurtasunagatik delako".

Horrekin batera, Gorlako inguruak ere topatu moduan uzteko eskaera egin zuten bai Gurrutxagak eta baita Zabaletak berak: "Mendia garbi aurkitzen dugu, horrenbestez, utz dezagun dena lehen zegoen moduan, ez da-eta askorik kostatzen". Eta Zabaletak zera gaineratu zuen: "Jakin badakigu domekan Gure Esku ekimenaren barruan Elosun ekitaldi bat egingo dutela, eta jendea Azpeititik eta Bergaratik oinez joango dela. Ez dugu gura jendeak mendia zaborrez beteta aurkitzerik".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak