TTIPek enpresa txiki eta ertainei esportatzeko oztopoak kenduko dizkiela esan dute adituek Gipuzkoako Bazkundean

Leire Kortabarria 2016ko api. 30a, 08:00
Ezkerretik eskumara, Julen Barrutia, Miguel Ceballos, Pedro Esnaola eta Endika Sanchez.

TTIP delakoak –Europaren eta AEBen arteko Merkataritza Askerako Ituna– jakin-mina eta kezka piztu ditu Euskadiko enpresa txiki eta ertain askorengan. Hori aintzat hartuta, Europako Batasuneko ordezkariekin batera eztabaidatu dute itun hori Gipuzkoako Bazkundean. Itun horrek dakartzan onurak azaltzen ahalegindu dira arduradunak.

Egubakoitzean batzarra egin zuten, eta bertan izan ziren, besteak beste, Merkataritzako Europako komisario Cecilia Malmstrom-en kabineteburu Miguel Ceballos; CAFeko Merkataritza Zuzendaritzako Julen Barrutia; Gipuzkoako Bazkundeko presidente Pedro Esnaola; Europako Batzordeko Espainiako ordezkaritzako kide Carlos Martin Ruiz de Gordejuela; eta Gipuzkoako Bazkundeko idazkari orokor Endika Sanchez.Honako batzarra TTIP jendeari hurbiltzeko egitarau baten barruan dago. Eguenean sindikatuekin batzarrak egin zituzten, eta Espainiako enpresa askorekin ere bilerak izan dituzte.

Miguel Ceballosek azaldu duenez, TTIPen helburua da muga-zergak kentzea eta muga-zerga ez diren oztopoak kentzea, AEBen eta Europako Batasunaren arteko komertzioa librea izan dadin eta merkatu bakarra osa dezaten. Bi lurralde horien arteko komertzioa munduko komertzioaren %40 da.

Gaineratu duenez, itunaren helburua ez da AEBetako eta Europako arauak harmonizatzea edo berdintzea, baizik eta “enpresendako kostu handiena dakarten oztopo burokratikoak kentzea”. Esan du ere zerbitzu publikoak itunetik kanpo geratzen direla esplizituki.

ETEak, gehien esportatzen dutenak eta traba gehien dituztenak

Pedro Esnaolak nabarmendu du TTIPek nazioarteko merkataritza bultzatuko duela, “gero eta globalizatuago dagoen mundu baten”.

Endika Sanchezek gaineratu du Europan 20 milioi enpresa txiki eta ertain daudela, eta horietatik 150.000k AEBetara esportatzen dutela, eta TTIPek enpresa horiei tramiteak erraztu nahi dizkiela.

Ceballosek esan duenez, itunak aukera berriak sortuko ditu ETEendako, izan ere, horiek dira gehien esportatzen dutenak AEBekiko merkataritza-elkartruke potentzial handiena duten sektore industrialetan. Hego Euskal Herrian eta Espainian dauden enpresa esportatzaile guztien bi herenak, 70.000 baino gehiago, ETEak dira. Horiek esportatzen dituzte Espainiako elikadura-produktuen %88, edarien %93, zerbitzu teknikoen %50 baino gehiago, ehun-produktuen bi herenak eta oinetakoen eta larruzko produktuen %50 baino gehiago. Eta horiek dira, multinazionalak ez bezala, AEBetara esportatzeko traba gehien dituzten enpresak.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak egindako ikerketa baten arabera, TTIPen eskutik, epe luzean, 83.000 lanpostu baino gehiago sor daitezke Espainian. Lehenengo bost urteetan, 330.000 lanpostu baino gehiago sortzen lagunduko luke. Epe berean, Barne Produktu Gordina %2,94 haziko litzateke, eta langileen soldatak urtean %0,72 handituko lirateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak