Enpresaburuen %9k diote krisia "zeharo" gainditu dutela

Euskadiko enpresaburuen %9k esan dute krisia zeharo gainditu duela bere enpresak, eta %63k langile gehiago hartu zituzten 2015ean, ikerketa baten arabera.

Erresuma Batuko Hays enpresak egin duen Lan-merkatuaren 2016ko Gida delakoak batzen ditu datu horiek. Hays-ek kualifikatutako profesionalen selekzioak egiten ditu. Txostenak Hego Euskal Herriko eta Espainiako joeren eta soldaten analisia egiten du; 1.700 enpresabururen eta 8.800 langileren erantzunekin egindakoa da.

Ondorio nagusia da inkestatuen %74 baikorrak direla etorkizunarekiko. Euskadiko enpresaburuei dagokienez, Madrilgo eta Andaluziakoak baino baikorragoak dira, eta Kataluniakoak eta Valentziakoak baino gutxiago. Hala ere, Euskadiko enpresaburuetatik %69k erantzun zuten jende gehiago kontratatuko dutela aurten.

2015ari dagokionez, Euskadiko enpresetatik %81ek aurreko urtean baino gehiago fakturatu zuten, eta %53 nazioartean gehiago hedatu ziren. Datozen bi urteotan lan merkatuak nola eboluzionatuko duen galdetuta, %70ek esan zuten, euren iritziz, pixka bat hobetuko dela, eta %16k, asko hobetuko dela.

Ia erdiek langileren bat kaleratu zuten

Datu txarrak ere badaude: hala, 2015ean, Euskadiko enpresen ia erdiek (%45ek) langileren bat kaleratu zuten, eta %60k esan zuten ez dituztela kaleratzeen kostuak kontuan hartzen kontratazio berriak egiterakoan.

Lan-merkatuak ematen zituen zailtasunez galdetuta, honako alde negatiboak aipatu zituzten: zurruntasuna (%47), dinamismo falta (%38), eskaintzaren eta eskaeraren arteko doikuntza eza (%36), kualifikatutako profesionalak ez aurkitzea (%31), Unibertsitatearen eta enpresen arteko kolaborazio falta (%30), kotizazio-tipo handiegiak (%27) eta burokrazia (%23).

Enpresen %69k langile gehiago hartuko dituztela esan dute, eta gehienek, kontratu “egonkorrekin”. Eskaera handiena duten postuak hauek dira: ingeniaria, salmentak/komertzialak, informatikariak, marketina eta administrariak.

Profesional gehienak lanean daude

Langileei egindako galderen zatian, ondorio batzuk hauek dira: profesionalen %60 lanean daude, eta %80, behin betiko kontratuarekin.

Langileen %12k uste dute lan-merkatua asko hobetu dela, eta %60k, pixka bat hobetuko dela datozen bi urteotan. Hiru laurdenek ikasketak egin zituzten arloan dihardute lanean. %23k lanpostuz aldatu zuten 2015ean; %29k urte bat eta 3 urte artean daroate oraingo lanpostuan; %20k, 3 eta 5 urte artean; eta %46k, 5 urte baino gehiago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.