Euskadiko lan merkatuari dagozkion datuak eman ditu Eustatek. 2016ko lehen hiruhileko datuen arabera, langabezia-tasa %14,4 da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu gutxiago. Gizonen langabezia %14,7ra jaitsi da (ehuneko 0,5 puntu gutxiago); emakumeena 0,1 puntu jaitsi da, %14,1era. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %34,1 (ehuneko 0,8 puntu gutxiago); 16-24 urte bitarteko 15.200 gazte aktibo (lan bila eta lan egiteko gertu daudenak) daude langabezian.
Landunak 894.600 izan dira, hiru hilabete lehenago baino 300 gutxiago (%0,0). Langabezia tasa txikitu egin da: %14,4 izan da, hiru hamarren gutxiago. Jarduera-tasa %57,1ekoa da, aurrekoan baino bi hamarren txikiagoa.
Emakume landunak, gehiago; gizonezkoak, gutxiago
Gizonei eragin die okupazio-jaitsierak: 1.700 gizonezko gutxiagok zuten lana. Emakume landunak, aldiz, 1.300 gehiago dira. Gipuzkoan eta Araban, 500 landun gehiago erregistratu ditu Eustatek; Bizkaian, 1.400 gutxiago.
Industriak 189.000 landun izan ditu urtarriletik martxora, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gehiago eta 2015eko epe berean baino 5.100 gehiago.
Zerbitzuetan, 1.500 landun gutxiago daude; eraikuntzan, 1.100 gutxiago; eta lehen sektorean, 200 gutxiago.
Gipuzkoak du okupazio-tasa handiena
16 eta 64 urte arteko biztanleriaren gaineko landunen portzentaia %64,8 da, aurreko hiruhilekoan bezala; gizon landunak %68 dira, eta emakume landunak, %61,7. Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak dauka: %66,2, aurreko hiruhilekoaren aldean 0,1 ehuneko puntu gehiago; Araba (%66) eta Bizkaia (%63,7) lehengoan daude.
Euskadiko 872.400 familia-etxeetako heren batean ez dago pertsona aktiborik. Erdia pasatxoan, pertsona aktibo guztiek lana daukate, aurreko hiruhilekoan baino 8.800 familia gehiago. Pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 53.500 dira (%6,1).
Langabeak, hau da, lan bila dabiltzanak, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest daudenak, urteko lehen hiruhilekoan 150.700 direla zenbatu da, aurreko hiruhilekoan baino 4.100 gutxiago. Gizonezko langabeak, 81.200, 3.400 gutxiago. Emakumezkoak, 700 gutxiago, 69.500.