LABen oharra:
Ez du balio negar egiteak. Enpresa itxieren aurrean ekimen politiko eta instituzional ezak erantzule egiten ditu. 23an Bilbon sala dezagun!
Hilabetez hilabete, inbertsio fondo eta multinazional handiak Euskal Herrian enpresak ixten ikusten ditugu, beste herrialdetara produkzioa eramanez merkeago ekoizteko, euren helburu bakarra akziodunen mozkinak handitzea delako.
Gobernuek, bai Espainiakoak eta baita Jaurlaritzak ere, kapital handi hauei abantaila fiskalak zein bestelakoak ematen dizkiete horrela jarraitu dezaten, euren galdu irabaziak zerbait hobetuz, horrek enplegua sortu eta gure industria ehuna sendotuko duen itxaropenarekin. Baina horretarako inolako neurririk exijitu gabe.
Ez du ezertarako balio gerora negar egiteak itxiera bat dagoenean. Industria politika eraginkor batek egoerak aurreikusi behar ditu, eta horren arabera enpresen inbertsioa, berrikuntza, antolakuntza eta demokratizazioa, koalifikazioa, lan egonkorrak eta irabazien birbanaketa bilatzeko estrategiak bultzatu behar dira. Interes kolektiboa inbertsore pribatuen interesen gainean egon behar da.
Ez dago instituzioen partetik ekonomiaren nazioarteratze prozesu honetan euskal esparru sozioekonomikoa bultzatzeko estrategia argirik. Ez daude nazioarteratze estrategia garatzeko estrategia endogenorik, ez dago instituzioek bultzatu nahiko luketen eredu sozioproduktibo ezen industrial argirik. Ezta eredu berririk eraikitzeko bide edo ekarpenik. Azken finean, ez dago benetako industria politikarik.
Egoera honetan antolakuntza eta borroka da langileei gelditzen zaiguna. Multinazionalei tresna guztiak ematen dizkien lan legediaren baitan, eta hauei aurre egiten ez dieten menpeko instituzioekin, langileoi gelditzen zaiguna borroka da. Gaurko borroka, biharko enplegua izango delako.