Gipuzkoako Klasika bueltan da gurean, sei urte eta gero

Xabier Urtzelai 2016ko api. 22a, 09:00
Ziklistak Asentziora bidean, 2010ean Bergaran egindako klasikoan. | x.u.

Sei urte pasa dira gazte mailan dagoen lasterketa entzutetsuena bailaran azkenekoz antolatu zutenetik, Gipuzkoako Klasika. 2010ean Bergaran egin zuten lasterketa, eta orduan Mario Gonzalez kantabriarra izan zen onena. Domekan (10:30) Aloña Mendik hartuko du erreleboa.

Azken sei urte hauetan selekzio mordoa batzen dituen lasterketa Zumaian, Aian, Donostian edota Lazkaon –birritan– antolatu izan dute: "Federazio Kopa barruan bi lasterketa egiten dira, eta hauxe da bat. Hala, Espainiako eta Frantziako talde eta selekzioak izango dira, Gipuzkoako taldeekin batera", adierazi zuen aurkezpenean Kepa Umerezek. Hala, Lokatzakoek 2010ean egindako edizioaren erreleboa hartuko dute domekan Aloña Mendikoek, 50. urteurreneko ospakizunen barruan.


Sei urte atzera eginda, Bergarako Ibargarai kaleko zuzenean Kantabriako Mario Gonzalez izan zen azkarrena. Orduan Asentzioko maldetan hautsi zen lasterketa, baina Elgetatik beherako tartean azkarrena izanda irabazi zuen egun profesional – Sporting-Tavira taldean– moduan jarduten duen txirrindulariak. Ez da kantabriar irabazle bakarra izan, besteak beste, iaz Pablo Alonso izan zelako onena. Hala, Espainia osoko selekzioetako ordezkariak etortzen direnez faboritoen taldean sartzea ez da batere erraza: "Lasterketa ederra izango da, oso jende ona egongo delako, eta seguru proba ikusgarria izango dela", adierazi zuen euskal txirrindularitzak utzitako izarretako batek, Marino Lejarretak. Markel Irizarrek, ostera, gazte mailako klasikoa Oñatira ekartzea herriarendako ona izango dela adierazi zuen, "Eta pozgarria Aloña Mendi moduko klub batek halako lasterketa batekin urteurrena ospatzea".
Azken irabazle euskalduna Xabier Santesteban izan zen, 2013an, Donostian. Baina, lasterketa antolatzeaz soilik konformatu barik, Aloña Mendiko ordezkari –Ulmaren izenarekin– Xabier Murgiondo edota Mikel Arregi aurrean ibiltzeko moduan egon daitezke. Murgiondok, esaterako, Antzuolako Uzarragako Igoera irabazi zuen joan den zapatuan.

117 kilometroko proba
Lasterketa 10:30ean hasiko dute Oñatin, eta Bergarara bi joan-etorri egin eta gero ziklistek Elorregin ezkerretara hartuko dute, Aretxabaletara. Hor, 80. kilometrotik aurrera ibilbidea gogortu egingo da. Hasteko, Untzillarako igoerarekin (12:30), eta Suñako jaitsieraren ondoren ziklistek Aramaiorako bidea hartuko dute, Azkoagatik ostera ere Untzillara iristeko. Ikusteko dago Aretxabaletara lasterketa zela iristen den. Eta handik Oñatirako bidean, azken kilometroetan Santipillauko malda motz baina gogorrak proba erabaki dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak