Almen ikastetxearen 50. urteurrena ospatzen hasiko dira datozen asteotan

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 19a, 17:51

Urteurrena gertatzen Almenen.

Almen ikastetxeak (gaur egun Arizmendi ikastolako Almen gunea) 50 urte beteko ditu aurten. Mende erdia pasatu da Aretxabaletako eta Eskoriatzako herritarrek Dorletako Amaren ikastetxea sortu zutenetik, eta hori gogoan izan eta ospatuko dute datozen asteotan.

Inguruan batxilergoa ikasteko aukerarik ez zegoela ohartuta sortu zuten Dorletako Amaren ikastetxea. 1977an hezkuntza proiektua indartu zuten Almen (Asociación Leniz Mancomunidad de Enseñanza) eratuta. Barne eraldaketaren bidez, epe laburrean eratu zuten Almen ikastola eta 2000. urtean hartu zuen egun Arizmendi ikastolako gune bezala duen izaera.

Sorreratik egun arte, bailara osoko ikasleak izan dira Almenen. Hala, orotara milaka izan dira une batean ala bestean Almeneko parte izan diren ikasle, irakasle, langile, ordezkari. Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko hezkuntza eskaintza du. Ikasturte honetan, bailara guztiko 702 ikasle dabiltza ikasten. 

'Ahalmen', iraganetik gaur egunera

Ahalmen da 50. urteurrenerako hautatu duten leloa. Izan ere, diote mende erdiko ospakizunek 50 urteotako ahalmen pertsonal zein kolektiboen erakusgarri eta bilgune izan nahi dutela: iraganetik gaur egunerako eta gaur egunetik etorkizunerako eraldaketarako ahalmen.

Ahalmen horiek guztiak erakusteko hainbat ekimen prestatzen hasi dira Almen guneko egungo irakasleak. Antolaketan hasi irakasleak egin badira ere, ikasle, ikasle ohi, irakasle, irakasle, irakasle ohi, guraso, guraso ohi, langile, langile ohi eta bailarako herrikideekin egin nahi dute aurrera antolakuntzan. Guztiekin bat egin nahi dute ospakizunerako ekimenetan eta horiek antolatzerakoan, ospakizunak bidean zein emaitzetan are ederragoak izan daitezen.

Erakusketak

Ikastetxeak 50 urteotan izan dituen ardatzak erakutsiko ditu: eraikinaren eboluzioa, udalekuak, kirol elkartea, hezkuntza, irteerak, ikasle taldeak, irakasleak... Herri bakoitzean, erakusketa egokitzen den ostiralean erakusketaren aurkezpena egingo da luntxa herri bakoitzean Almeneko kide izan diren ikasle, ikasle ohi, irakasle, irakasle ohi, guraso, guraso ohi, langile, langile ohi eta herrikideentzat. Era horretara, erakusketa bizipenak eta sentipenak partekatzeko gune ere izango da.

Herri bakoitzeko erakusketen datak:

  • Leintz Gatzaga: apirilaren 28tik 30era, kultur etxean
  • Arrasate: maiatzaren 5etik 7ra, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan
  • Aretxabaleta: maiatzaren 11tik 14ra, Mojen komentuko kaperan
  • Eskoriatza: maiatzaren 25etik 28ra, kultur etxean

Argazkien eta bideoen bilduma

Mende erdi honetan jaso den argazki eta bideoak biltzen eta antolatzen ari dira. Ikastolan daudenetatik haragokoak jasotzeko, sare sozialen eta komunikazio zuzenaren bidez eskatu dira argazki eta bideoak. Bildutakoa erakusketetan ikusgai izango da, eta bildutakoarekin DVDa ere egingo da oroigarri gisa. 

Ikus-entzunezko saila

Almenetik igarotako eta egungo protagonistatariko batzuekin ikus-entzunezko sail bat egingo da. Ikus-entzunezkoan protagonistek oroitzapenak berrituko dituzte. Oroitzapenez oroitzapen osatuko da mende erdiko historia, eta egungoari eta etorkizuna ere aztertuko da. Hamar bat minutuko ikus-entzunezkoak izango dira Almen gunean grabatuak eta Youtuberen bidez sare sozialetan zabalduko direnak.

Kanta eta bideoklipa

Kanta eta bideoklipa ekoizten ari dira kantu ezagun baten oinarriarekin. Maiatzaren erdialdean aurkeztuko dituzte.

Kamisetak eta motxilak

Kamiseta teknikoak eta motxila arinak egin dituzte urteurrena girotzeko eta oroigarri gisa. Erakusketetan izango dira salgai (10 euroan kamisetak eta 5 euroan motxila).

Festa ekainaren 4an

Ekainaren 4an egingo da festa handia. Maiatzaren 2tik 13ra egongo dira salgai bazkarirako tikeak Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten. Festa antolatzeko lan taldea lanean da, eta maiatzaren erdialdean aurkeztuko dute egitaraua. Lan taldea egungo irakasleek abiatu zuten, gurasoak batu ziren aurreko astean eta hurrengo bilera irekian ikasle, ikasle ohi, irakasle, irakasle ohi, gainontzeko guraso, guraso ohi, langile, langile ohi eta bailarako herrikideak parte izan daitezen nahi dute. Datorren bilera: apirilaren 21a, osteguna, 18:00etan, Almen guneko IDZn.

Ateak zabalik parte-hartzeko

Ekimen bakoitzak bere lan taldea du. Parte hartzeko jo honako helbidera edo telefono zenbakira: 50urte@arizmendikide.net eta 606 92 35 61.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak