Apirilaren 17a Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da mundu osoan, eta honen harira preso eta iheslari euskaldunen etxeratzea eskatu nahi dute domekako manifestazioarekin. Manifestazioa eguerdiko hamabietan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko La Casilla plazatik.
Hori dela eta, eskualdeko hainbat herritan autobusak antolatu dituzte jendea manifestaziora joan dadin. Gaur arte, egubakoitza, izango da txartelak erosi edo zerrendatan izena emateko azken eguna, ohiko puntuetan (Arrasate: Irati; Bergara: Arrano, Pol-Pol; Oñati: Arrano; Aretxabaleta:Urbaltz; Antzuola: Aitz-Garbi); Aramaio: Añai).
Domekan, goizeko 10:00ak eta 10:30ak bitartean aterako dira autobusak herrietako geltokietatik Bilborantz.
Eskualdeko preso ohien deia
Joan den astean, Debagoieneko hirurogei preso eta iheslari ohik agerraldia egin zuten herritarrei asteburu honetako manifestaziora dei egiteko. Bertan adierazi zuten euskal gatazkaren funtsezko arrazoiak hor dirauela oraindik, estatu espainiarrak eta frantziarrak Euskal Herriari bere geroa eraikitzeko aukera bahitu diotela-eta.
Bestalde, nabarmendu zuten borroka soilik molde politiko eta demokratikoetatik jorratzeko ezker abertzale osoaren hautua fermuki babesten dutela. Hala, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin bat egiten dutela eta presoen etxeratzea lortzeko lege-baliabideak erabiltzea babesten dutela ere gehitu zuten.