Administrarien lan poltsarako proba 3.661 lagunek egingo dute zapatuan

Leire Kortabarria 2016ko api. 14a, 15:47
Ficoban izango da azterketa.

3.661 lagun daude deituta zapatuan Foru Aldundiak administrari postuak betetzeko deitutako lan poltsari dagokion ezagutza frogarako. Ficobako azoka gunean izango da.

Foru Gobernuaren antolaketa aldatzeko prozesuan kokatzen da deialdi hau.

Antolaketa eta logistika ikuspegitik, erronka handia izango da azterketa Funtzio Publikoko zuzendaritzako arduradunentzat, Imanol Lasa bozeramaileak esan duenez. 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 100 lagun baino gehiago arduratuko dira dena ondo joateaz. Zapatua aukeratu dute azterketa egunerako, jendearen parte-hartzea errazteko. Ildo horretan, halako deialdietan ohikoa den baino bertaratze handiagoa espero dute, %80 ingurukoa. Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarri dituzte: “Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu nahi dugu, aparkaleku eta trafiko arazoak saihesteko”, esan du Lasak.

Hautagaiek euskarazko bigarren perfila egiaztatu behar dute. Bi zati edukiko ditu probak: gai zerrenda orokorreko gaiak, eta informatika ezagutzak. 100 puntutik 64 emango ditu, hautapen prozesuan. Kontuan hartuko da ere administrazio publikoetan pilatutako eskarmentua, administrari edo administrari laguntzaile lanpostuetan -gehienez 30 puntu eskuratu ahal izango dira-. Gainerako 6 puntuak IT Txartelaren bidez frogatzen diren trebetasun informatikoen arabera emango dira.
Zapatuko deialdiak berebiziko garrantzia dauka, Aldundiaren langileen %40 inguru administrariak direlako, eta lanpostu horietan etengabeko premia dagoelako, Funtzio Publikoko zuzendari Maite Barruetabeñak aditzera eman duenez. Bide batez, hutsune handi bati emango zaio erantzuna; izan ere, Aldundiak egindako administrarien kolektiboaren azken lan eskaintza publikoa 1993koa da, eta azken lan poltsa handia, berriz, 2002koa. 

Beste bi lan poltsa deituko ditu

Epe motzean, beste bi lan poltsa deituko ditu Aldundiak: Administrazio Teknikari Orokorrena (ATO) bata, “arrakasta berezia izatea” espero dena, eta udaletarako idazkari eta kontu-hartzaileena bestea, biak ere maiatzean. Azpimarratu behar da, bestalde, beste 40 enplegu plaza eskaintzea aurreikusten duela, estatuko 2015eko eta 2016eko aurrekontu lege orokorrek finkatutako erreposizio tasak guztiz aprobetxatuz. 25 plaza suhiltzaileenak izango dira, eta 15, berriz, zerga iruzurrari aurre egiteko ogasun teknikarienak, “hori baita gure ekintza ildo estrategikoetako bat”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak