Administrariendako lan-poltsa osatzeko deialdi irekia egin du Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2015ko abe. 4a, 14:18

Administrari lanpostuak betetzeko lan poltsa irekia deitu du Aldundiak, Foru Gobernua “administrazio publiko moderno, indartsu eta kalitatezkoa” finkatzeko. Hala jakinarazi dute gaurko agerraldian Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Maite Barruetabeña Funtzio Publikoko zuzendariak.

Prozesuaren oinarriak atzoko, egueneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Komunikazio eta jakinarazpen ofizial guztiak, berriz, https://www.gfaegoitza.eus helbide elektronikoan egingo dira. Era berean, informazioa interesatuen eskura egongo da  www.gipuzkoa.eus/enplegu-publikoa web orrian: oinarriak, onartuen zerrendak, epeak, azterketak egiteko datak eta lortutako emaitzak.

Poltsan onartuak izan nahi dutenek euskarazko bigarren hizkuntza perfila egiaztatu, eta azterketa gainditu beharko dute. Otsaila-martxoa aldera izatea espero da eta bi zati edukiko ditu: gai zerrenda orokorreko gaiak, eta informatika ezagutzak. Froga horrek 100 puntutik 64 suposatzen du. Kontuan hartuko da ere administrazio publikoetan pilatutako eskarmentua, administrari edo administrari laguntzaile lanpostuetan -gehienez 30 puntu eskuratu ahal izango dira-. Gainerako 6 puntuak IT Txartelaren bidez frogatzen diren trebetasun informatikoen arabera emango dira.

Lehenengo lan-poltsa 2002a ezkero

Inpaktu handiko neurria da deialdia, Aldundiaren langileen %40 inguru administrariak direlako, eta lanpostu horietan “etengabeko premia” dagoelako. 4.000 eta 5.000 eskaera bitarte jasotzea espero dute, Lasak aurreratutakoaren arabera. Bide batez, hutsune handia beteko da; izan ere, Aldundiak egindako administrarien azken lan eskaintza publikoa 1993koa da, eta azken lan poltsa handia, berriz, 2002koa. 

Diputatuak aditzera eman duenez, enplegu publikoa bultzatzea izango du bere departamentuak xede inportanteenetako bat. Ildo horretan, Ogasun departamenturako, 84 erdi mailako teknikari lanpostu betetzeko deialdia egin zen duela gutxi, 2015eko Errenta Kanpainari begira. Foru Aldundiak esan du ohiko deialdi hori aurreko foru gobernuak eten zuela 2014an. Administrariena dator orain, eta Lasak aurreratu du gehiago egitea aurreikusten dutela, Ogasunean 2016 hasieran, esaterako –erdi eta goi mailako teknikariak.

Eskarmentua kontuan hartuko da

Lan poltsak eguneratzeko, beharrak aztertu dira langileekin batera departamentuz departamentu, lehentasunak finkatzeko. Halaber, OPEak egiteko “etxea prestatzen” ari da Foru Gobernua, ate hori zabaltzen denean “berehala” ekiteko.
Administrarien lan poltsari esker, Aldundiak zerrenda propioa eta eguneratua eduki ahal izango du, eta ez du beste erakundeen zerrendetara jo beharrik izango. Hortaz gain, baja eta hutsuneak arinago kudeatuko dira, eta arazo handi bati konponbidea emango zaio, orain arte zeukan zerrenda zaharkitua baitzegoen.

Berritasunen artean, aipatu bezala, lehen aldiz kontuan hartuko da deialdi honetan erakunde publikoetan pilatutako eskarmentua. Neurri honekin, bitarteko funtzionarioen egonkortasunari erreparatu nahi zaio –langile guztien %30 inguru dira-. Halaber, araudi berria onartuko da bitarteko funtzionarioen zerrendak zentzuz kudeatzeko, eta garrantzi berezia emango zaio haien formakuntzari. Aldundian urte gehien daramatzatenak aitortu eta lan taldean finkatu nahi ditu Foru Gobernuak, azken buruan.

Langileen erdiak erretiratu egingo dira laster

Foru Aldundiaren langileen %50ek 50 urte baino gehiago dauzkate. Horrek esan nahi du plantillaren erdia, ia, hamarkada bateko epean jubilatuko dela, eta ordezkatu egin beharko dela. Prozesu horretan hainbat pauso ari da ematen Foru Gobernua. Lan poltsa da horietako bat, baina horrez gain, gaztetze edo belaunaldi aldaketa hori egungo giza kapitalak duen ezagutza mantenduz egitea da lehentasunetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak