AGI diru laguntza kendu egingo dute 2018rako

Leire Kortabarria 2016ko api. 13a, 15:33
Imanol Lasa eta Maite Peña.

DSBL (AGI) diru laguntzak erabat kenduko ditu Foru Aldundiak 2018ko abendurako, “txertaketara laguntzen ez” dutela irudituta, diru laguntza horiek ikertu ondoren. Ordura arte, baldintzak gogortu egingo dira laguntza horiek lortzeko.

Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzan (DSBL, edo AGI, gaztelaniaz) onartu diren aldaketen berri eman zuen astelehenean, prentsaurrekoan. Foru Aldundiak txosten tekniko bat egin zuen laguntzaren inguruan eta, ondoren, ondorioak konpartitu zituen alderdi politikoekin, hainbat alkaterekin, hirugarren sektoreko ordezkariekin eta beste eragile batzuekin. Gero, diru laguntza hori moldatzeko erabakia hartu zuen.

2016ko ekainaren 30era arte bere horretan jarraituko du AGIk; onuradun direnek laguntza jasotzen jarraituko dute, eta kargupean umeak dituzten familiek 2015ko abenduaren 31n Gipuzkoan erroldatuta bazeuden, urte bukaera arteko epea izango dute laguntza eskatzeko. Baina eskaera berri gehiago ez dira onartuko uztailaren 1etik aurrera.

Diru laguntza hori kentzeko arrazoia da, Peñaren esanetan, “lurralde oreka apurtzen” duela, Gipuzkoako laguntza bakarrik delako; Gipuzkoan “migrazio-isuri artifiziala” sortu duela; “konpontzen dituen baino arazo gehiago eragiten” dituela, eta, batez ere, “diru laguntza honek ez dielako onuradunei gizarteratzen batere laguntzen”.

Onuradunen %9,5 bakarrik dira Europakoak

DSBLk “dei-eragina” izan duela egiaztatu du Foru Aldundiak. Hori gertatu da berau lortzeko baldintzak Eusko Jaurlaritzak ematen duen RGI (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) diru laguntzarenak baino leunagoak direlako; esate baterako, gutxieneko erroldatze-epe txikiagoa exijitzen du. Hala, RGIk hiru urteko erroldatzea eskatzen du diru laguntza eskatzeko unean, eta AGIk, bakarrik urte betekoa.

Gaur egun, 1.400 bizikidetza-unitatek jasotzen dute AGI; onuradunak dira, batez ere, 25 eta 35 urte arteko gizonezkoak. Aurten, 11 milioiko aurrekontua dute diru laguntza horiek; onuradunen %44,8 Afrikakoak dira, eta %37,6, Asiakoak. Askoz atzerago datoz Ameriketako onuradunak (%8,6), eta Europakoak (%9,5). Diru laguntza hori Bilduren aurreko foru gobernuak sortu zuen.

Lan merkatuan sartzen laguntzeko plan berria

Gizarte politikako diputatuak azpimarratu du “inor ez dela bazterrean utziko” eta “edonori lagunduko diotela gizarteratzen, betiere norberaren beharrak zein diren kontuan hartuta”. Helburu horrekin, DSBLren ordez Elkar-ekin plana abiaraziko dutela jakinarazi du eta  lan ildo nagusiak zein izango diren ere aurreratu du diputatuak: Bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen egoera ebaluatzeko, balorazio zerbitzu bat jarriko da martxan, eta egoitza eta eguneko zentroetan plaza gehiago eskainiko dira. Atal honen barruan, Maite Peñak HousingFirst proiektua ere azaldu du; ez da  izango oro har zabalduko den eskaintza, baina muturreko bazterkerian dauden pertsonei bizilekua bermatuko dien ekimena izango da behintzat, eta Donostian jarriko dute abian proiektu pilotu bezala. Bazterkerian edo arriskuan dauden pertsonak lan merkatura gerturatzeko hizkuntza ikasteko ikastaroak, lanerako laguntza programak, gizarteratzen lagunduko duen ekonomia sozial eta solidarioko enpresak garatzeko laguntzak edo bazterkerian dauden pertsonentzako formazioan lagundu asmo du Elkar-Ekin planak, gizarte politikako diputatuak aurreratu duenez.

EH Bilduk erabakia kritikatu du

EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok gaitzetsi egin du Aldundiaren erabakia, esanez Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabeteak daramatzala Dirusarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) jasotzen dutenen “kontrako kanpaina egiten,
argudio xenofoboak erabiliz defendatu ezin direnen aurka”. Diru laguntza hori kentzea “murrizketa bortitza” da, Merinoren esanetan, izan ere, “familia ahulenak, behartsuenak, bazterrean lagako ditu Diputazioak”.

“Desberdintasuna eta pobrezia areagotuko da gure Lurraldean eta, horrek, gipuzkoar bezala, lotsatzen gaitu”, esan du EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak