Zehazki, 2015ean baino 29 milioi euro gehiago bildu dira. Lehen hiruhilekoko datuak, hala ere, ez dira oraindik urte amaierako emaitzari buruzko irakurketak egiteko nahikoa esanguratsuak: lurraldeen arteko eta Estatuarekin egiten diren doikuntzak falta dira eta zuzeneko zerga nagusien kanpainak ez dira oraindik hasi (Errenta eta Sozietateak).
Martxora arteko eboluzio positiboaren zergatia azaltzerako orduan, PFEZaren lan atxikipenetan, BEZean eta Sozietateen gaineko zergetako sarreretan izandako hazkundeak azpimarratu ditu Foru Ogasunak. Sozietateen atalean ere itzulketak murriztu dira. Alderdi negatiboan, BEZaren itzulketak handitu dira eta PFEZeko ondare irabazien atxikipenak murriztu.
Errentari dagokionez, lan atxikipenen atalean 6,9 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2). Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 5,2 eta 2,7 milioi gutxiago, hurrenez hurren. PFEZ bere osotasunean hartuta, hala ere, emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 2,4 milioi gehiago batu baitira (+%0,6).
Sozietateen gaineko zergaren atalean, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 9,7 milioi handitu dira, eta itzulketak 14,4 milioi gutxitu dira 2015eko martxoarekin alderatuta. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZi dagokionez, zerga bilketa metatua %0,3 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 0,5 milioi euro gutxiago bildu dira: 21,9 milioi gehiago batu dira (+%7,1), baino itzulketan ere 22,5 milioitan hazi dira (+%17,9).